Ikasleak hasi dira antzerkiaz gozatzen

Goiatz Arana Begiristain 2012ko martxoaren 28a

Hogeita bigarren edizioa da aurtengoa eta goizean abiarazi due, ikasle batzuk aktore bilakatuta, ohiko moduan. Hiru saio egin dituzte eta gauza bera egingo dute arratsaldean, baina beste ikusle batzuen aurrean. Egubakoitzean, antzezle eta lan berrien txanda izango da.

Arrasate Institutuko B taldeak estreinatu du Amaia antzokiko oholtza XXII. Antzerki Jardunaldietan, Dena izango da izan behar duen bezala lanarekin. Arizmendiko Gaztelupe B taldearen txanda izan da ostean; Gaixo obra taularatu dute. Eta goiza ixteko, 6. maila bukatu dut estreinatu dute Arizmendiko Almen B taldeak.

Herri Eskolako eta Arizmendi-Almeneko LMHko 5. mailako ikasleak,  Almeneko LMHko 4. mailakoak eta Almeneko DBHko 1. mailakoak izan dira ikusleak –200 neska-mutiko guztira– eta primeran pasatu dute: eserlekuan "dantza" eginez eta txaloak joz agurtu dituzte antzezleak eta identifikatuta sentitu dira, bereziki, 6. maila bukatu dut antzezlaneko hainbat pasarterekin: lehen eskola eguna, atseden orduko haserreak, azterketa garaiak edota gimnasia orduko gorabeherak. 

Arratsaldean gehiago

Gaur bertan, eguaztena, 14:45ean hasita, berriz eskainiko dituzte hiru antzezlanak, baina beste ikusle batzuentzat: Arizmendiko Gazteluondo, Arimazubi eta Santa Teresako LMHko 5. mailako, Gazteluondoko LMHko 4. mailako eta Gaztelupeko DBHko 1. mailako ikasleentzat.

Egubakoitzeko antzezpenak

Etzirako, barikua, beste emanaldi batzuk iragarri dituzte, toki eta ordu berean. 

  • Institutua A taldea: Urkuluetako Bainuetxea. Ikusleak: Herri Eskolakoak.
  • Arizmendiko Almen A taldea: Maritxu nora zoaz. Ikusleak: Almeneko eta Herriko Eskolako LMHko 4. mailakoak.
  • Arizmendiko Gaztelupe A taldea: Hollywoodeko izarra. Ikusleak: Arrasate Institutuko DBHko 1. mailakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak