Baron Rojo taldearen Concierto Para Ellos abestiaren izena du zure irratsaioak. Nola sortu zen ideia?
Duela bost urte Mostoleseko lagun batek animatu ninduen irratsaioa egitera. Irratia egin nahi zuen Internet bidez eta programa bat egiteko proposamena egin zidan. Proiektua ez zen aurrera atera, baina nik aurrera egin nuen irratsaioarekin. Saioaren izena, berriz, gidatzen nindoan baten bururatu zitzaidan: irratian abesti horren bertsio bat entzun eta programarako izen aproposa zela pentsatu nuen.
Bost urteren ostean musikazale askoren erreferente bilakatu zara.
Irratsaioa egiten hasi nintzenean, gazteleraz abesten duten taldeen gaineko saioak falta zirela ohartu nintzen. Askotan, tamalez, Ingalaterrako eta Amerikako Estatu Batuetako taldeak bertakoak baino lehenago ezagutzen ditugu eta hemengoei aukera bat emateko apustua egin nuen.
Publikoaren aldetik erantzun ona izan duzu, baina baita taldeen aldetik ere.
Bai, musika talde askok informazioa eta abestiak bidaltzen dizkidate eta, egia esan, izandako harrerarekin harrituta nago, nire helburua programa egiten ondo pasatzea besterik ez da.
Dagoeneko 226 programa egin dituzu. Ez zen erraza izango zenbaki horretara ailegatzea, ezta?
Egunez egun noa, gaurkotasunean oinarritzen naiz. Albiste diren taldeak, kontzertuak, kaleratzen diren lan berriak, entzuleen eskaerak... beti dago zerbait! Klasikoak ere jartzen ditut.
Musika taldeentzat ere beharrezkoak zarete...
Gure lana oso garrantzitsua da: musika taldeek entzule gehiago izateko beharrezkoak gara, euren musika zabaltzeko modua da. Latinoamerikako talde pilo baten kantuak jartzen ditut; abesti ederrak egiten dituzte, baina, tamalez, hemen ez dira oso ezagunak. Talde hauek materiala bidaltzen didatenean harritu egiten naiz!
Irratsaioaz gain, 'Concierto Para Ell@s' jaiak egiten dituzu.
Irratsaioaren hasierarekin gertatu moduan, Burgosko lagun batek proposatu zidan taberna batean jai bat egitea. Irratsaio antzerako bat egin nuen eta jendeak oso ondo pasatu zuen. Orain, Madrilgo lagun batekin egiten ditut jaiak, gure publikoa ezagutzeko aukera dugu eta beraiekin musikaz hitz egiten dugu garagardo batzuk edaten ditugun bitartean.
Aurten zenbat jai egin dituzu?
Dagoeneko sei jai antolatu ditugu eta, eguraldi onarekin batera, gehiago lotuko ditugu. Leku askotatik deitzen digute, baina ez gara honetatik bizi eta ezin dugu gure bizitza pertsonala alboratu.
Zer eskaintzen duzue zuen emanaldietan?
Ez ditugu ohiko abestiak jartzen.Publikoari zerbait ezberdina eskaintzeko, asko entzuten ez diren taldeen abestiak jartzen ditugu; hori bai, talde klasikoak alde batera utzi gabe.
Beti abesti berdinak jartzen al dituzue?
Ez, abesti piloa ditugu jartzeko. Bertako taldeak ezagutzeko aukera izaten dugu, beraien kantuak jartzeko eta elkar ezagutzeko. Gainera, beste irrati bateko esatariek gurekin batera musika jarri nahi badute, ez dugu arazorik, aurretik hitz egin eta zerbait polita egiteko prest gaude.
Irrati alternatiboen arteko sareren bat al duzue?
Ez, baina gero eta harreman estuagoa dugu eta TNT Radioren sarean elkar ezagutzen ari gara. TNTk nirea bezalako programak hartzen ditu eta eduki originalez betetako programazioa eskaintzen du; bertan, 24 orduz rock doinuak entzuteko aukera dago.
Internet erabiltzen duzu programa hedatzeko.
Bai, teknologiak gauzak asko erraztu ditu: Arrasatetik Alacantera, TNTra, zuzenean bidaltzen dut seinalea eta handik mundu guztira hedatzen da. Gaur egun, TNT gazteleraz hitz egiten den lekuetan erreferentea da. Gainera, postcast bidez, mundu guztiarentzat dago eskuragarri. Postcast-ak aukera polita dira, saioa eguneko 24 orduetan entzuteko aukera ematen dute.