Iazko urteaz nolako balantzea egiten du Ibai Arte elkarteak?
Urtea hasi aurretik egindako aurreikuspen guztiak bete ziren eta beraz, pozik gaude iazko urteak emandakoarekin. Bezeroaren fideltasuna saritzea helburu duen Ibai Arte txartelaren aldeko eginkizun guztiak ondo joan ziren.
Bestalde, kalitatezko ziurtagiria lortzeko helburua jarri genuen eta 21 dendetarako lortu ditugu agiri horiek. Izan ere, 21 denda horiek agiri horretarako beharrezkoak ziren baldintza guztiak bete zituzten. Azken horiei aurretik agiria lortu dutenak gehituz gero 27 gara guztira.
Horrek esan gura du 27 denda horietan kalitatezko zerbitzua bermatua dagoela, ezta?
Hala da. Oso datu esanguratsua da, Euskal Herri osoan maila altuan kokatzen gaituena. Ez daude herri asko proportzio horiek betetzen dituztenak, kalitateari dagokionez.
Hori izan da iazko balantzearen alde positiboenetako bat eta aurrerantzean bide horretatik jarraituko dugu, agiri hori denda berrietara zabalduz.
Kalitatezko zerbitzuaz gain bezeroaren fideltasuna saritzen jarraituko du Ibai Artek?
Bai, noski. Hilero egiten ditugu zozketa eta promozio bereziak. Ibai Arte txartelaren bidez erosketak egiten dituzten bezeroek saritzeko ekimenak dira; opariak eta deskontuak eskaintzen ditugu euren fideltasuna saritzeko eta nahiko arrakastatsuak izaten dira. Gainera, Harreman Gobernuz Kanpoko erakundearekin batera antolatzen den tonbolarekin ere jarraituko dugu.
Ziur aurten ere nobedaderen bat prestatu duzuela. Berritasunen bat aurrera zenezake?
Aurten udazkenerako sari berezi bat eskaini gura diegu gure bezeroei: Arrasateko alde zaharrari bisita gidatu bereziak. Horren gertu dugu eta hain ederra da alde zaharra... baina era berean ezezaguna da hainbat arrasatearrendako. Sari hori oraindik prestatzen gabiltza.
Eta noski, dagoeneko arrasatearren artean errotuta dauden eta arrakasta handia duten ekimenekin ere jarraituko dugu, besteak beste, Merkemerkaua, Aste Berdea eta Gabonetako saskiaren zozketa.