25 urte kanturako zaletasuna bultzatzen

Goiatz Arana Begiristain 2012ko martxoaren 25a

Eskolarteko Abesbatzen Topaketaren 25 urteak ospatu zituzten atzo, zapatua, Arrasaten. Ibilbide horretan lanean jardundakoak omendu zituzten eta ‘Jostailugilea’ ipuin musikala taularatu. Arratsalde hunkigarria igaro zuten Uarkapen batutakoek.

25 urtek askorako eman dute Eskolarteko Abesbatzen Topaketaren historian: Santa Teresan egiten hasi ziren, Amaia antzokira lekualdatu zuten gero eta Uarkape frontoian egiten dute egun; lehiaketa izan zen hasieran, eta topaketa izaera hartu zuen ondoren.

Kanturako zaletasuna bultzatzea eta abesbatzen musikak sortzen duen giro goxoa zabaltzea  izan ditu helburu eta lortu du: "25 urte geroago hemen gaude. Haur asko behar dira honetarako eta milaka pasa dira; belaunaldi askotako gazteek gogoratuko dute gaur hemendik pasa izana", esan zuen Txaro Iraeta Arizmendi Ikastolako zuzendari orokorrak.

Eta zera gaineratu zuen, Edurne Erauskini zuzenduta: "25 urte dira ideia burura etorri zitzaizula eta bistan da asmatu zenuela".      

Omenaldia 11 laguni 

Ideiaren sortzailea, antolatzaileak, zuzendariak eta beste, 11 lagun omendu zituzten atzo arratsaldean Uarkapen. Aurreskua dantzatu, bertsoa kantatu eta oroigarriak banatu zizkieten: solen ikurra zeraman zilarrezko kate bana. "Mila esker guztioi, hunkigarria izan da benetan, ea beste 25 urte betetzen ditugun", esan zuten trukean; irribarrea erakusten zuten ahoan eta malkoari eutsi ezina begietan. Eta bai, lanean jarraitzea da asmoa, hala erakusten dute 50. urteurrenera begira esandako hitzek: "Gaur lanean dabiltzanak orduko omenduak izango dira". 

'Jostailugilea'rekin liluratuta 

Omenaldiak eragin zuen arratsaldeko lehen une gorena eta Jostailugilea izeneko ipuin musikalak bigarrena. Mozorrotutako 100 ikasle baino gehiagok erdira atera eta jostailuak egiten dituen arotz baten istorioa kontatu zuten, ikasleek eurek egindako atrezzo eta dekoratuarekin; antzeleak, piano doinuak eta narratzailearen kontakizuna izan zituzten bidelagun.  

25. urteurreneko egitaraua hasteko bina kantu abestu zituzten Oñatiko Txantxiku Ikastolako eta Arizmendiko ikasleek; eta topaketaren amaierako ekitaldi modura egun horretarako propio sortutako kantua abestu zuten denek batera. Tartean, haizeak musika asmatu zuela eta egun baten gure herrira iritsi zela erakusten duen ikus-entzunezkoa eman zuten.

Topaketarako sarrerak 3 eurotan saldu zituzten eta horiekin  batutako diruaren %25 Lodosako ikastolara bideratuko dute. 

Asteleheneko papereko edizioan elkarrizketa Edurne Erauskini eta inkestak.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak