Gaztetxea ia bete egin zen Arkada Social taldearen lan berriaren aurkezpen kontzertuan

Ander Monedero 2012ko martxoaren 24a

Talde arrasatearraren aurretik Bilboko Rat-zinger eta Los 4-40 berotu zuten gaztetxea.

Arkada Social talde arrasatearrak Beste historio bat,bere lan berria, aurkeztu zuen egubakoitz gauean Arrasateko Gaztetxean. Aurretik baina, Los 4-40 eta Bilboko Rat-zinger taldeek girotu zuten gaua.

Los 4-40 taldearen lehenengo kontzertua izan zen eta, bertan, taldeak egindako punk-rock abestiak eta bertsioak uztartu zituzten.

Ondoren, Rat-zinger taldearen txanda iritsi zen. Orain dela lau urte sortu zuten esperientzia handia duten musikariek (Anarko, Zer Bizio?...). Punk azkar eta hitz gordinez osatutako emanaldia eskaini zuten, Kartas Al Vaticano diskoa osatzen duten abestietan oinarritutakoa. Ohi bezala, ez ziren falta izan zuzenean jotzen duten Kemando Ruedas eta Motörhead taldeen bertsio bana.

Gero gaueko protagonista igo ziren gaztetxeko oholtza gainera: Arkada Social. Taldeak etxean aurkeztu zituen Beste historio bat izeneko lana eta baita gitarra jole berria ere. Lehenengo abestia jo ahala, publikoa lehenengo lerrora gerturatu zen eta jaiak ez zuen bukatu taldeak Esos del Barrio abestia bukatu arte. Kantu berriak entzuteko gogoz zegoen publikoa, aurreko lanetakoak baino melodikoagoak dira, hori bai, taldearen izaera ez dela aldatu erakutsi zuten.

Kontzertua, diskorik gabe

Taldeak astearen hasieran diskoa kaleratu behar zuen, baina diskoaren kopiak egiten ari den enpresak ez du epea bete eta taldeak ezin izan zuen lan berria kontzertuan saldu. Zaleek egun batzuk itxaron beharko dute disko berria erosteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak