Arkada Social beste istorio batekin, sorterrira

Ubane Madera 2012ko martxoaren 23a

Ratz-zinger (Bilbo), Los 440 (Arrasate) eta Arkada Social (Arrasate) taldeek kontzertua egingo dute gaur, egubakoitza, gaztetxean, 22:30ean (sarrera: 5 euro). Berritasunez betetako kontzertua izango da. Batetik, Los 440 taldeak debuta egingo duelako. Bestetik, 2006an Arrasaten eta inguruko herrietan zoramena eragin zuen Arkada Social talde mitikoa bueltan datorrelako. Eta azkenik, Arkada Socialek berak atzo (eguena) bertan argitaratutako Beste istorio bat disko berria aurkeztuko duelako herrian.

Bestalde, kontzertuaren beste berezitasunetako bat izango da Mikel Arriaran Arkada Socialeko gitarra-jole berriarendako Arrasateko lehen kontzertua izango dela.

"Zuzeneko indartsua"

Gaurko zuzenekoa "ondo" antolatu nahian dabiltzala kontatu du Hodei Beitiak, Arkada Social taldeko abeslari eta baxu-joleak, euren estiloa den "zuzeneko indartsua" ekartzeko asmoa dutela, besteak beste. 18 bat abesti joko dituzte: "Disko berriak sei kantu berri ditu; beraz, gainontzeko guztiak abesti mitikoak" izango direla gaineratu du musikariak.

Gaurkoaren ostean, beste lau kontzertu hitzartuta dituzte arrasatearrek. Besteak beste, maiatzaren 26an Arrasaten jardungo.

Bihar, Madril-Arrasate

Bestalde, bihar, zapatua, 69 Revoluciones madrildarren (Taxi eta Sex Museum taldeetako kideak izandakoak) eta Arrasateko Convicts taldeen txanda izango da, 22:30ean hasita. Sarrera bost euro da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak