Kantua eta omenaldia
Egitaraua hasteko, Oñatiko Txantxiku Ikastolako 3. eta 4. mailako 27 kantarik Kili-Kili bat (Eguzkitza-Imanol) eta Goazen! (Haurrock) abestiak kantatuko dituzte. Eta haien ostean, Arizmendiko Almen eta Gaztelupe guneko Bigarren Hezkuntzako 45 kantarik Ilun (Musika: Joselu Rz de Gordoa/Hitzak: Xabier Olaso) eta John Lennon-en Imagin kantuak abestuko dituzte.
Horren ondoren, berriz, omenaldia egingo dute. Hain zuzen ere, 25 urteotan Eskolarteko Abesbatzen Topaketa bultzatu duten 11 lagunek Arizmendi Ikastolaren esker ona jasoko dute.
Ipuin musikala
Azkenik, ostera ere kantuek hartuko dute Uarkape. Lehenengo Jostailugilea izeneko ipuin musikala taularatuko dute ehun ikasle baino gehiagok.
Labur esanda, jostailuak egiten dituen arotz baten istorioa kontatzen du Josu Elberdinen (Pasaia, 1976) Jostailugilea lanak. Eta hori taularatzen jardungo dute Arrasate-Eskoriatzako Arizmendiko guneetako ikasleek. Goikobalu Abesbatzak ere parte hartuko du ekimen horretan. Eta aipatzekoa da, baita ere, ipuinean erabiliko dituzten atrezzo eta dekoratuak ikasleek eurek egindakoak direla.
Kantu berezia
Topaketaren amaierako ekitaldi modura, berriz, ekimenean parte hartu duten ia 200 ikasleek Amaia Pagaldai eta Hirune Iribekanposek topaketaren 25. urteurrenaren harira egindako kantu berezia abestuko dute.
Sarreraren %25 Lodosara
Eskolarteko Abesbatzen Topaketarako sarrerak hiru eurotan izango dira salgai. Aldez aurretik erosi behar dira: 12:00etatik 13:00etara edo 17:00etatik aurrera.
Sarrera horien bitartez batuko duten diruaren %25 Lodosako Ibaialde Ikastolara bideratuko du Arizmendi Ikastolak.
Edozelan ere, abesbatzetan parte hartuko dutenei aldez aurretik eman dizkiete sarrerak.
Omenaldia jasoko dutenak
Abeslari eta zuzendariak:
- Isa Gallastegi.
- Itziar Aranburu.
- Mapi Fernandez.
- Amaia Aspiazu.
- Gurutze Uribarren.
- Mariasun Berezibar.
- Arantza Uriarte.
- Loli Ordoki.
Antolatzaileak eta beste:
- Arantza Galdos.
- Ramon Loiti.
- Edurne Erauskin.