Udalaren lehentasunetako bat da zerbitzu horren pribatutasuna bermatzea, kontuan hartuta, zein izaten den Gizarte Ongizate Sailaren erabiltzaileen profila. "Askotan egoera larrian dauden herritarrak etortzen dira Gizarte Ongizate Sailera eta lehentasun handia da haien pribatutasuna zaintzea. Izan ere, gaur egun, zerbitzuko langile guztien aurrean egin behar izaten dute harremana Ongizate Saileko langileekin. Lokal berrian, berriz, bulego itxiak egingo dira, eta modu horretan, erabiltzaile bakoitzak harreman bakarra izango luke dagokion -Gizarte Ongizate Saileko langilearekin", azaldu du Amaia Larrañaga zinegotziak.
Irisgarritasuna
Bestalde, egoitza berriak beteko duen beste lehentasun bat irisgarritasun egokia bermatzea da. Kontuan hartuta askotan zailtasuna duten erabiltzaileak joaten direla Ongizate Sailera laguntza eske, ba hori ere Udalak kontuan hartu gura izan duen ezaugarria da. Kasu horretan, gaur egun Gizarte Ongizate Saila udaletxearen goiko solairuan dago, hirugarrenean. Lokal berrian, berriz, kalearen maila berean egongo da, beraz, erabiltzaileek ez dute batere oztoporik izango bertara iristeko.
Ahalik eta lasterren
Asmoak asmo, baina, egoitza berria itxita eta obretan hasi barik dago. Arrazoia da proiektua idazten dabiltzala. "Egoitzaren ezaugarrien planoak lantzen dabiltza arkitektoak. Gure asmoa da, ahal bada, uztailean obrak lehiaketara ateratzeko moduan izatea, eta ea 2013an bukatzerik badugun, ahalik eta lasterren zabaldu ahal izateko. ahal bada 2013an bertan", aurreratu du Amaia Larrañagak, "ze guretako lehentasun handia dauka proiektu horrek", gaineratu du.