Ibai-Arte merkataritza elkarteak eta Arrasateko Udalak 2012 urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute. Udalak, bertako merkataritza sustatzeko, 31.000 euroko diru laguntza emango dio herriko merkataritza elkarteari.
Arrasateko alkateak, Inazio Azkarraga-Urizar, Udalaren izenean eta Gabino Yarzak, Ibai-Arteren izenean, lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo arratsaldean. Udalak elkarteari egingo dion diru ekarpenak Ibai Artek ekintzetarako duen aurrekontuaren ia %25a suposatzen du eta laguntza honekin 2012rako ekintza plana burutuko du.
Ibai-Artek eta Udalak akordio hau sinatzen duten laugarren urtea da. Aurtengo hitzarmena, iazko diru laguntzarekin alderatuta, %10 gehiago jasoko du, hau da, 3.000 euro gehiago. Alkatearen iritziz, bizi dugun egoera ekonomikoan herriko merkatariei laguntzen jarraitzea beharrezkoa da.
Diru laguntza jasotzearekin batera, Ibai Artek 2012rako duen ekintza planeko ekimen guztiak betetzeko konpromisoa hartu du eta, baita ere, ekimen berriak edo aldaketak izatekotan Udalari jakinaraztea.
2007. urtean, IKEI enpresak Arrasateko Udalarentzat egindako ikerketa baten arabera herriko merkatari txikien zenbait sektorek gastu ihes nabarmena jasotzen ari dira, bai krisiaren eraginez eta baita merkataritza gune handien eskaintzarengatik ere. Horri aurre egiteko Ibai-Artek, sektorea suspertzeko hainbat ekimen antolatuko ditu, ala nola, Merkataritza Berdearen astea, Arrasate Bizirik aldizkaria edo Debagoieneko II. pintxo lehiaketa.
Krisiaren eraginez, Ibai-Artek iaz ia %50eko galerak izan zituen. Elkarteko presidentearen arabera, Arrasateko merkataritza gertukoa da, konfiantzazkoa eta merkataritza gune handiek eskaintzen ez dituzten zerbitzu eta baldintzak eskaintzen ditu.
2012rako ekintzei dagokionez, Gabino Yarzak, elkarteko presidenteak, pausoz pauso joango direla esan du eta ekintzak lotu eta programatu ahala ezagutarazten joango dira.