Arrasateko Udaleko alkatea, Inazio Azkarraga-Urizar, Udalaren izenean eta Ibai Arte Merkatari Elkarteko lehendakaria, Gabino Yarza, erakunde honen izenean, lankidetza hitzarmena sinatu dute, Udalak egingo dion diru ekarpen honekin Elkarteak Ekintza Plana burutu dezan.
Gastu-ihesa
2007. urtean, Arrasaten bi merkataritza-ekipamendu berrien irekieraren eragina merkataritza sektorean izeneko azterketa burutu zuen IKEI enpresak Arrasateko Udalarentzat eta honek dionaren arabera, herriko txikizkako merkataritzako zenbait sektorek gastu-ihes nabarmena jasaten dute; besteak beste, Pertsonentzako Ekipamenduan %46,9ko gastu-ihesa edo Etxerako Ekipamenduan %40,5koa.
Gastu-ihes horien kausak eragile desberdinen ondorio izan daitezke:
- Beste merkataritza-guneetako eskaintza zabalagoa delako.
- Kontsumo-ohiturak aldatu direlako; komunikazio-bideen hobekuntzak.
- Merkataritza-egitura berrien sorrera.
Faktore hauekin guztiekin lehiakortasun-maila gora doa, eta gero eta ohikoagoa da merkatu potentzial beragatik hainbat merkataritza-gunetako eskaintzak lehian aritzea. Eragile horiek guztiek udalerriko denda txikietan eragin negatiboa izan duen errealitate berri bat deskribatzen dute.
Ibai-Artek 2012 ekitaldirako, 2011 Merkataritza Dinamizazioan programaren bidez, Merkataritza Teknikari baten laguntza du, sektorea suspertzeko ekimenak antolatzeko.
Ekintza Plana
Elkarteak Udalari 2012rako Ekintza Plana aurkeztu zion otsailan, ondoko ekimen zehatzak eta ekitaldian zehar suertatu daitezkeenak burutzeko:
- Merkemerkatua 2012.
- Arrasate Bizirik aldizkaria.
- Merkataritza Berdearen Astea.
- Gabonetako kanpaina.
- Ibai Arte Txartela.
- Besteako ekimen puntualak: Baserritarren azokak, Ardo Bira, Ardo eta Gazte eguna, Erakuslehio lehiaketa, Debagoieneko II Pintxo Lehiaketa edo Harreman Tonbola bezalakoak.
Iaz baino 3.000 euro gehiago
Honez gero, erakunde biek hitzartu dute Ekintza Plana burutzeko Arrasateko Udalak 31.000 eurotarainoko ekarpena egingo diola Ibaiarteri; diru ekarpen honek inoiz ez du suposatuko ekintza bakoitzaren kostearen %25a baino gehiago. Laugarren urtea da Ibai Artek diru ekarpena jasotzen duela Udalaren partez eta oraingoan aurreko urtean baino 3.000 euro gehiago jaso ditu, hau ekintzek izango duten gastu orokorraren %25a izanik.
Aldi berean, Ibaiartek konpromisoa hartzen du 2012ko Ekintza Planeko ekimen guztiak burutzeko; ekimen berririk edo aldaketarik egonez gero, Ibaiartek Udalari azaldu beharko dio.