Harrera familiak behar dira 7 eta 12 urte arteko umeendako

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko martxoaren 21a

Aldundiak egiten du dei hori eta programa azaltzeko hitzaldia egingo dute Arrasaten, hilaren 27an, Kulturaten, 18:30ean.

Babesgabeko egoeran dauden adin txikiko haurren harrera programan partzeko dei egiten die Foru Aldundiak herritarrei. Egun, 15 familia behar dira 7 eta 12 urte arteko haurrak hartzeko prest daudenak.

Harrera familien programak jatorrizko familiatik banatu diren haurrei familia baten babesa eta maitasuna izateko aukera eskaintzen die. Familia batek hartuko zain, adin txikiko hauek (69 guztira) erakundearen esku dauden pisuetan daude, beti ere Foru Aldundiaren tutoretzapean.

Familiek laguntza jasoko dute

Gaur egun 241 familia boluntariok 310 haur eta nerabe dituzte hartuta. Ia erdiak loturaren bat du adin txikikoekin, beste erdiak, aldiz, aurrez ez zuen inolako harremanik haurrekin. Edonola ere, Aldundiak etengabeko laguntza profesionala bermatzen du haurraren bizitzako alorretan ager daitezkeen gatazkak konpontzeko, jatorrizko familiarekin egiten diren bisitak barne. Harrera familia bakoitzak erreferentzia teknikari bat du. Era berean, Gizarte Politikako departamentuak zenbait laguntza ekonomiko eskaintzen ditu harrera familiek harrerak berak berekin dakarren gastua bakarrik beren gain hartu ez dezaten.

Hitzaldia, Arrasaten

Hori guztia kontuan izanda, Familia Hartzaileen elkartea hitzaldi zikloak antolatzen ari da familia hartzaile gisa dituzten esperientziak kontatuz, jendea harrera familia izatera animatzeko.

Debagoienean ere egingo dute hitzaldi bat. Arrasaten izango da, hilaren 27an, martitzena, Kulturaten, 18:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak