Saskibaloi jokalari, baina orokorrean kirolzale amorratu. Baita futbolzalea ere.
Bai, askotan pentsatu izan dut zergatik aukeratu nuen gaztetan saskibaloia eta ez futbola, esaterako. Gaztetatik saskibaloia gustatu izan zait, nire osabak saskibaloian jokatzen zuen (Fernando Moreton, Bergaran jokatu zuen) eta nahiz eta hasierako urteetan futbolean jokatzen nuen, taldea sortu zen momentuan saskibaloira pasa nintzen.
Jokalari moduan zelan definituko zenuke zure burua?
Egia esan talde barruan nuen rol-a aldatu behar izan dut aurten. Iaz Gorka Kintanak egiten zituen eskolta lanak, eta nik euskarri moduan jokatzen nuen, hau da, taldea antolatzea izaten zen nire eginbeharra. Aurten, baina, Kintana Oñatira joan da jokatzera, talde oso gaztearekin geratu gara eta ardura handiagoak hartu behar izan ditut. Jaurtitzaile moduan ere jardun behar izan dut, eta ez dut esango ona naizenik, baina tarteka sartzen dut bat edo beste [Barre].
Bestalde, esango nuke jokalari azkarra naizela. Zorionez fisikoki ere ondo eutsi ahal izaten diot partiduari, eta kontraerasoan jokatuz min egin dezakedala uste dut. Badut taldekideak non dauden ikusi eta pase ona emateko gaitasuna, nahiz eta gaur moduan baloi batzuk galtzen ditudan. Kontrara, baina, odolberoa ere banaiz.
Partidu baten baino gehiagotan ikusi izan zaitugu bero-bero.
Bai, hori da nire alde txarra, batzuetan burua galtzen dudala. Ez dakit nondik datorkidan hori, baina nire anaia ere [Gorka Arejolaleiba] halakoxea da. Odolberokoa naiz, gutxi behar dut salto egiteko, nahiz eta aurten apur bat lasaitu egin naizela uste dudan. Talde gaztea izanda gazteenak ez garenak halakoak zaindu egin behar ditugu.
Izaera horrek, baina, badu bere alde ona. Esaterako, aulkian zaudenean ere partiduan sartuta zaude, etengabe animatzen.
Talde gaztea da eta jokalariek asko eskertzen dituzte animoak. Batzuetan txarra da odolbero izatea nire buruarekin haserretu egiten naizelako, baina bestalde, irabazteko grina hori lagungarri dela uste dut.
Lehen Nazional mailan zaudete, talde oso gaztearekin –batazbestekoa 20 urtekoa izango da– baina iazko urte gogorraren ostean aurten hobeto moldatu zarete.
Eta harrigarriena da baja asko izan ditugula. Lehen aipatu dut Kintanaren hutsunea, baina harekin batera Mikel Anasagasti kanpora joan da ikastera, gauza bera egin dute Unai Barrenak, Xabi Igoak... eta lesioek ere zeresan handia izan dute. Baina, lagun talde bat gara, momentu txarretan elkarri asko laguntzen diogula uste dut, bloke moduan jokatzen dugu eta poliki-poliki egoera bakoitza aurrera eramaten dugu. Garbi dagoena da, hala ere, zail dugula kategoriari eustea.
Aurten inoiz baino garestiago dago kategoriari eustea. Baina bigarren entrenatzaile Juan Carlos Davilak esan du partidu amaieran: "Bi irabazi ditugu, zortzi baino ez dira geratzen".
Hori da gure helburua, geratzen zaizkigun partidu guztiak irabaztea, eta hortik aurrera gauzak zelan geratzen diren ikustea. Partidu guztiak irabazten baditugu segurua da kategoriari eutsiko diogula. Denak irabazi barik, etxekoak behintzat irabazi egin behar ditugu, eta kanpoan ere garaipenen bat edo beste beharko dugu.
Josu Larreategi duzue entrenatzaile. Erasoan bai, baina defentsan egin duzue aurrerapen nabarmena.
Izan ere, berak esaten digun moduan Baskonian zegoenean defentsako jokoaz arduratzen zen bera, eta guri ere lan hori egiten erakutsi digu. Beti esaten digu ahalegindu behar garela laurden bakoitzean 15 puntu baino gehiago ez jasotzen, eta gaur hortxe-hortxe ibili gara [Barre].
Taldeak gaur jarrera, konpromisoa, irabazteko nahia erakutsi ditu.
Lagun talde bat gara, eta kategoria hau galtzen badugu inork ez du guk baino min handiagoa hartuko, ondo dakigulako beheko kategorian ez dagoela halako mailarik, eta horrekin batera Nazional Mailan egoteko moduko taldea dugula uste dugulako.