Nolako ikuskizuna da?
Kantaldi kolektiboa da. Euskal Herriko kantari, bertsolari
eta musikari onenetarikoekin osatua. Helburua da, Euskal jendeari poza banatzea, kantaldi handia eginez; lehengo kantuekin elkarrekin kantatuz, aurreko kantariei gorazarre eginez, bertsio onak moldatuz, kantu berriak aurkeztuz eta Euskal Herria bere osotasunean irudikatuz. Euskal Herri euskalduna, gizatasun handikoa, lehen mailakoa eta bere buruaren jabea izango dena. Aurretik egindako kantaldietan oso sentsazio onak izan dira, jaso ditugu zuzenean.
Iaz Xabier Leteri egindako omenaldien segida bat al da?
Handik sortutakoa da. 15 kantaldi egin genituen Euskal Herri osoan zehar hiriburu guztietan Maulen ezik; baita beste probintzietako herrietan ere.
Belaunaldi berriek aurrekoekin zelako lotura dute?
Aurreko kantariekin lotura zuzena dutela esango nuke. Bakoitza bere estiloarekin baina, aurrekoekin kantagintzari dagokionez lotura galdu gabe.
Zeintzuk harituko dira kantuan?
Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Alex Sardui, Petti, Arantxa Irazusta, Pier Paul Berzaitz eta Amets Arzallus.
Kantu propioak egingo dituzte?
Lete, Laboa eta Imanolen kantuen bertsioekin batera parte-hartzen duten kantariek beren kantuak eta berriak aurkeztuko dituzte. Amets Arzallusek, bertso berriak emango ditu musikariekin batera. Gutxitan ikusten diren taldeen kantuak entzungo dira gainera.
Zergatik Arrasaten estreinaldia?
Horrela tokatu delako. Iaz Xabier Lete gogoan emanaldien amaieran pentsatu genuen ireki behar genuela emanaldia oraingo kantarien abestietara eta modu kolektiboagoan emanda. Beste batzuetan poetak ere parte hartu izan dute eta aurrerantzean ere irekia egongo da beste batzuen parte-hartzera.
Segidarik izango du?
Bai noski, Euskal Herriko herri gehienetara joan nahiko genuke aurten eta datozen urteetan. Beti berrituz. Nik Ez dok hamairuren antza hartzen diot.