Iban Velasco: "Kanpoko ziklistak fitxatuta, taldeak izaera galduko luke"

Xabier Urtzelai 2012ko martxoaren 21a

Beste denboraldi batzuekin alderatuta, aurten atzeratuta darama Iban Velascok (Arrasate, 1980) denboraldiko prestakuntza. Halaxe eskatu dio taldeak; iaz urtarrilean hasi zen lehian, eta aurten Giroan izango du lehen hitzordu handia. Bitartean, telebistaz segituko du Euskal Herriko Itzulian taldearen lana.

Zer iruditu zitzaizun martitzenean Oñatin ikusitakoa?

Ikusleendako oso erlojupeko polita izango dela, baina lehiatzeko... zaila da. Aldapa asko ditu, motzak, baina gogorrak, bihurgune asko... Zaila, oso zaila iruditu zitzaidan, eta euria egiten badu tarteren bat arriskutsua; baserri arteko errepide horiek, esaterako. Egia da azken erlojupeko horretan aurre-aurrean dabiltzanek baino ez dutela arriskatu behar izaten, hogei bat lagun-edo izango dira, eta erorikoren bat egon daiteke.  

Samuel Sanchez izango da taldeko liderra. Zer komentatu zuen? 

Samu ondo moldatzen da halako zirkuituetan. Oso esplosiboa da eta gorabehera handiko zirkuituetan gustura ibiltzen da. Gure artean komentatu genuen oso garrantzitsua izango dela erlojupekoan erabili beharreko materiala ondo aukeratzea. Bizikletaren garapenak, batez ere. Izan ere, aldapa gogorrak ditu, baina baita lautada luzeak ere. Ez da erraza izango.  

Martitzenean bertan egin zenituzten aukeraketa guztiak ala beste egun bat erabiliko duzue horretarako?

Nik uste dut atzo hartutako erreferentziekin nahikoa dela, baina erlojupekoaren egunean beste errepaso bat emango diote, seguru. Etapa arratsaldean izango da, eta goiza horrelako kontuetarako aprobetxatuko dute.   

Esango nuke zirkuituko tramu teknikoetan, Oñatitik gora dauden baserri-bideetan, erlojupekoetako bizikletekin baino hobeto moldatuko zinateketela bizikleta normalekin.

Lehenengo bost kilometroetan baietz esango nuke, baina Oñati eta Zubillaga arteko zatian erlojupeko bizikletak erabilita denbora irabaziko dugu.   

Kanpotik segituko duzu Euskal Herriko Itzulia. Inbidiaz, pentsatzen dut.

Bai, ia-ia urtero egon naiz etxeko lasterketan, eta, gainera, aurten Oñatin amaitzen denez, polita izango litzateke bertan parte hartzea. Baina aurten nire prestakuntza Girora bideratuta dago, eta oso gustura joango naiz hara.   

Ondo ezagutzen duzu Italiako lasterketa.

Bai, 2007an eta 2008an izan nintzen bertan, profesional moduan egin nituen lehenengo urteak izan ziren eta oso oroitzapen onak ditut. Lasterketa gogorra da, Tourra baino gogorragoa dela esango nuke, baina ederra da. Motibatuta joango naiz hara.   

Iaz egin zenutena berdintzen erronka ederra du taldeak.

Bai, ez da erraza izango. Itzuli handi guztietan lortu genituen etapa garaipenak, eta bistan da iazko denboraldia errepikatzea zaila izango dela, baina horretan ahaleginduko gara.   

Euskal Herriko Itzulia kolokan egon da azken unera arte. Horrek erakusten du ziklismoa ze egoeratan dagoen?

Seguruenik bai. Baina ez txirrindularitzan bakarrik, nik uste dut kirol guztietan dagoen arazoa dela. Akaso, futbolean gauzak bestelakoak izango dira, baina gizartea bera krisialdian murgilduta dago, eta horrek zuzenean eragiten du txirrindularitzan. Alde horretatik, ziklistok ezin dugu burbuila batean sartuta egon.   

Ze traza hartzen diozu Euskaltel taldearen etorkizunari?

Guk ez dakigu askorik, babeslea aurtengo urterako baino ez dugula eta ikusi egin behar aurrera begira Euskaltelek segituko duen, beste babesleren bat beharko den... Ea zortea dugun eta taldeak segitzen duen.   

Igartzen da zuzendari aldaketa?

Ez da aldaketarik igarri. Gorka Gerrikagoitiaren lan egiteko modua Igor Gonzalez de Galdeanoren antzerakoa da.   

Komentatu da taldeak filosofiaz aldatu beharko duela, kanpotarrak fitxatzearen beharra...

Nire ustez, zaleek ez lukete ondo hartuko kanpotarrak fitxatzea. Futbolean Athletic izan daitekeena gara ziklismoan; izaera galduko luke taldeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak