Herriko zenbait zebrabidetan ikusgarritasun falta dagoela sumatu du Udalak. Kontua da, kasu askotan zebrabideetara bertara iritsi arte, ezin dela ondo ikusi ea norbait zain badagoen zebrabidea gurutzatzeko.
Horren arrazoi nagusiak dira zebrabideen aurretik autoak aparkatuta egoten direla, edo zaborra batzeko edukiontziak daudela, eta horiek gidariei ez diete ondo ikusten lagatzen.
Hori da, esaterako, Monterron pareko zebrabideen kasua, eta Udalak identifikatuta ditu horiek puntu beltz modura. Bada, arrisku egoera horiek ezabatzeko obrak dira gaur, astelehena, hasi dituztenak.
Lau aparkaleku gutxiago
Hain zuzen ere, batetik, Bergararako noranzkoan, Salegi harategiaren ondoko zebrabidean aparkaleku bat kendu egingo dute, eta bertan dauden edukiontziak lekuz aldatu egingo dituzte. Bestetik, errepidearen erdiko aldean dauden hiru aparkaleku kendu egingo dituzte. Eta azkenik, Monterron ondoko zebrabidean dauden piboteak lekuz aldatu eta errepidera pasako dituzte, bertan autorik aparkatuko ez dutela bermatzeko.