Lau urte izan zinen zinegotzi. Ze oroitzapen dituzu?
Onak, oso onak. Oso gazte heldu nintzen politikara, 26 urterekin, ikasketak bukatu berri. Asko ikasi nuen agintaldi hartan. Orduan ikasitakoak askotan erabili ditut eguneroko bizitzan. Esperientzia ona izan zen.
Nik asko ikasi nuen, baina guk herriari ere asko eman geniola uste dut. Bi horiek balantza baten ipiniz gero, esango nuke eman nuena baino askoz gehiago jaso nuela.
Aukeako presidente izan zinen. Kirol gaiekin buru-belarri ibiliko zinen?
Bai, hala da. Udal batzorde guztiek dute hartu-emana herritarrekin, baina Aukeak, askoz handiagoa. Kirol Zerbitzuko erabiltzaileak, kirol eskola, kirol taldeak, eragileak... Hartu-eman handia izan nuen horiekin guztiekin. Gainera, herrian egotea eskatzen duen postua dela esango nuke.
Dena den, bazenuen eskarmentua kirolean.
1993an Zaldibarko areto-futbol txapelketaren ardura hartu nuen, eta bost urte egon nintzen antolatzen. Egun ere egiten dute Zaldibarko txapelketa, baina urte haiek izan ziren urrezko urteak: 80 talde eta 1.000 jokalari baino gehiago. Txapelketak oihartzun handia hartu zuen, eta baita nik ere. Famatu egin nintzen herrian. [Barre]. Zaldibartik politikara salto egin nuen.
Ze proiektu azpimarratuko zenituzke?
Asko. 1999an hauteskundeak irabazi zituen EHk, 1997an Xabier Zubizarreta alkatearen kontrako mozioa onartu ondoren. 1997tik 1999ra arteko tartea biurteko beltza bezala ezagutu zen. Gu gobernura heldu ginenean, bi urte haietan egindako hanka-sartze guztiak konpondu behar izan genituen. Hasteko, Uarkape. Lanak oso atzeratuta zeuden, aurrekontua asko hazita eta hasierako proiektua erabat aldatuta. 1999ko uztailean sartu ginen Udalera, eta urte bereko Santamasetarako inauguratu genuen frontoia, eta kudeaketa Aukeara itzuli zen.Bestalde, Musakolako kiroldegiari itxura berria eman genion. 1977an inauguratu zenetik eraberritze sakon baten beharra zuen, eta egun duen itxura eman genion. Eraberritzea aprobetxatu genuen tarifen sistema aldatzeko. Hainbat abonu ipini genituen: zerbitzu umelendako, lehorrendako eta bietarako abonuak. Harro nago hartutako erabakiarekin.
Deskontuen politika ere aldatu genuen: norberaren sarreren arabera deskontuak egitea adostu genuen.
Mojategi egin barik bukatu zenuten agintaldia?
Proiektua guk idatzi genuen, baina ez genuen dirulaguntzarik jaso Aldunditik, proiektua gauzatu barik geratu zen. Hori da daukadan arantza. Eskerrak hurrengo agintaldian Mojategi egin zuten. Kirol instalazio dotoreak dira.
Alderdien Legeak politikatik kanpo utzi zintuen. Politika alde batera utzi duzu?
Politikan aktiboki jarraitzeko bidea moztu ziguten. Dena den, ez nago geldi. Itziarren bizi naiz. Foru Arau bat dela-eta Debarekin desanexioa lortzea posible ez denez, hortxe gabiltza lanean Itziar Lekuko Entitate Txiki bihurtzeko. Hori lortuta, Itziarrek bere eskuduntzak izango lituzke: alkate, zinegotzi eta udal propioak, besteak beste.