Horrekin batera, 2011ko jardunari dagokion konpentsazioa ordaintzeko eskaera ere egin dio Udalari Leintz Garraioak enpresak. Izan ere, alkateak GOIENAn esandako moduan, autobus zerbitzua defizitarioa da Arrasaten eta Udalak ordaintzen du hori. Bada, hain justu ere, gaur jakinaraziko dute iazko defizita zenbatekoa izan zen.
Gastu kontuekin segituz, Udal gobernuak mahai gainean izango du, baita ere, aurtengo neguan gatza zabaltzeko makinek eragin duten gastuaren zenbatekoa.
Bideo-kamerak eta Lodosako ikastola
Horrez gainera, eta herrian dauden bideo-kamarekin lotuta, Bake Epaitegian eta Bizkaia etorbideko igogailuan dauden kamaren baimena berritzeko eskaera aztertuko dute.
Obren atalean, Aldai parkeko obrei dagozkien amaitu bako gaiak eta herrian egiten diren obretan ipintzen diren edukiontzi, aldamio, hesi eta bestelako materialen gaineko ordenantzaren aldaketa aztertuko dute gobernukideek.
Eta bestelakoen artean, Lodosako ikastolaren dirulaguntza eskaera eta Txatxilipurdi elkarteak udaleku irekiak antolatzeko egindako eskaera bana landuko dituzte.