Hitzordua eguerdian jarrita zegoen eta hasieran bakar batzuk baino ez dira animatu probatzera. Laster aldatu da hori, eta 13:00etarako jendez gainezka zegoen Kajoi tabernako aurrealdea. Eguzkiak hirugarren urtez egiten den ekitaldian ere laguntzea gura izan du bere izpi gozoekin girotuz. Horiek, baina, gutxi iraun dute, eta dastatzea amaitu aurretik euri tantaren bat edo beste ere bota du. Jendea, dena dela, ez da kikildu, eta aurtengo uztak emandako salda probatzen jarraitu dute.
400 mokadutxo
Otxia txakoli ekoizle Felix Etxagibelek uzta berriko sei txakolin kaxa eroan ditu Artazubiaga baserritik Kajoira; bakoitza hamabi botilarekin. Tabernako arduradun Antonio Murillok, ostera, ardo tragoxka hobeto sar dadin 400 mokadutxo inguru gertatu ditu; azkar amaitu dira horiek, eta baita txakolina ere.