Bi 'final' irabazi dituzte, zortzi geratzen zaizkie

Xabier Urtzelai 2012ko martxoaren 18a

Mondragon Unibertsitateak arro egoteko moduko partidua egin zuen zapatu iluntzean sailkapenean aurrealdean zebilen Tabirakoren kontra (90-66). Etxekoek aspaldiko partidu txukunena egin zuten zaleen aurrean, saskiratzeetan ikusgarri, eta are eta ikusgarriago defentsa lanean. Horrek aparteko indarra emango die geratzen diren zortzi finaletara begira, izan ere, aurten inoiz baino garestiago dago kategoriari eustea.

Jaitsiera fasean jokatzen dabiltzan bederatzi taldeetatik seik kategoria galduko dute Lehen Nazional mailan. Horrek kale egiteko tarte txikia uzten du, baina gogorragoa ere izan daiteke, EBAn jokatzen dabiltzan Natra-Oñati eta EHU hortxe-hortxe dabiltzalako mailari eusteko borrokan. Horiek behera egingo balute, Nazional Mailan zazpi talde joango lirateke zulora. Egoera horretan gauza bakarra dago garbi, gertatzen dena gertatzen dela, sailkapeneko lehenengo biak baino ez dira libre egongo, eta hori da zuri-moreen helburua.

"Espero nuen halako partidua"

Partidu amaieran pozik zen MUko entrenatzaile Josu Larreategi. Pozik aste barruko entrenamendu onek zapatuan eragin zuzena izan zutelako partiduaren emaitzan. Hala ere, oraindik zortzi final geratzen direnean goiz da ezer ospatzen hasteko: "Espero nuen halako partidua, oso ondo entrenatu dugulako aste barruan eta hori igarri egiten da. Gaur partidu on bat egiteko itxaropen handiak nituen, eta bete egin da".

MUk denboraldi osoan gutxitan gozatu du zapatuan moduan. Aurrean jaurtitzaile oso oneko taldea zuen, eta Tabirako partiduan sartuta egon zen lehenengo zatian. Zuri-moreak aurretik izan ziren beti, baina oso tarte txikiarekin. Bigarren zatian, baina, joko-iraultza etorri zen. Defentsan aspaldian ez moduan, Tabirakok jokalari garaiak izan arren Arrasatekoenak izan ziren erreboteak. Presio itogarriaren eraginez laloi lapurretak egin zituzten, eta Arrasatekoen joko azkarrak ito egin zuen kontrarioa. Azken laurdenak gozatzekoak izan ziren. Aulkitik bultza eginez, jokaldi on bakoitza azkena izango balitz moduan ospatuz, etxekoei motz geratu zitzaien partidua. Lehia amaitzeko bi minuturen faltan, markagailuak 79-52 erakusten zuenean etorri zen arratsaldeko jokaldia. Orduan kantxan ziren Gorka Arejolaleiba, Lorenzo, Balantzategi, Barbero eta Kortabarria eta guztien artean sortutako jokaldi azkarrak saski barruan amaitu zuen; kontrarioei gutxi falta izan zitzaien txaloka hasteko.

Balantzategi aulkira erretiratu zen, eta egindako lanaren ordaina jaso zuen harmailetatik. Baita Unai Barrena gazteak ere, lesio luze baten ostean aurten gogor ibili delako entrenatzen, eta zapatuan lortu zuen, azken minutu horietan, lehen saskiratzea kategorian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak