Nahi eta ezin, Mondrak 1-2 galdu du Aurreraren kontra

Xabier Urtzelai 2012ko martxoaren 17a

Kategoriari eusteko bidean atzerapausoa egin du Mondrak gaur (1-2). Eta zintzoak izateko, atzerapauso handia izan da, Aurrera delako jaitsiera postuengatik urruntzeko borrokan dabilen talde horietako bat. Berdegunean Mondrak ez du Aurrerak baino gehiago erakutsi, eta hainbat arrazoi egon dira horretarako. Horietako bat da talde zuri-morean gauzak aldatu egin direla uste bada ere –jende berriaren etorrerarekin– oraingo entrenatzaileek lehengoen arazo bera daukatela: Ezinezkoa da jokalari bakoitza dagokion postuan jartzea.

Mondrako entrenatzaile izateko malabareak egiten jakin behar da. Eta horretaz jabetzen hasi dira Murua, Garin eta Zaitegi. Lehenengo entrenatzaileek mila arazo izan zituzten behar den moduko hamaikako bat zelairatzeko (bakoitza bere lekuan), eta jende berria etorri bada ere, hori ez da aldatu. Txaote-ren –bost txartel hori– hutsunea betetzeko Loitirengan pentsatu dute entrenatzaileek, eta hamargarren minutuan min hartuta erretiratu behar izan du Loitik. Horrek ez zuen konponbide errazik, eta postu horretan jokatzeke zegoen Mikel Zabalak hartu behar izan du haren lekua. Hori adibide bat baino ez da, Arrasateko taldera etorri diren jokalari berrien artean Loiti eta Pitu min hartuta, eta Julen Zaitegi kanpoan zen. Hala, joan den astean 45 minutuz eutsi zion Rekartek, eta gaur, justu-justu izan bada ere partidu osoari eutsi ahal izan dio.

Horiek guztiak aitzakiak baino ez direla esango du norbaitek. Eta ez doaz aitzakia moduan. Aurreratu moduan, joko aldetik Mondra ez delako Aurrera baino gehiago izan. Lehenengo zatian Ondarroakoek egin dutena baino min handiagoa egin zezaketen, haize zakarra alde zutelako. Hala, joko aldetik gatzik gabeko lehenengo zatian Ondarroako Aurrelari Ruben Gabilondok erakutsi du azkarra eta arriskutsua zela, eta berea izan da partiduko lehenengo gola, 42. minutuan. Min egin du gol horrek, baina bigarren zati osoa geratzen zen.

Bigarrena, erabakigarria

Lehenengo gol horrek baino min handiagoa egin du bigarrenak, bigarren zatia hasi eta bosgarren minutuan. Ordurako berdegunean zen Iker Lopez, erasora errazago irteteko asmoz. Diogun moduan, Mondra erasoan zela epaileak ez du adierazi Pavoni egindako falta garbia –areako marraren gain-gainean– eta jokaldi berean, kontraeraso azkarrean Aurrerak ez du barkatu. Esan, Aurrerakoen golean ez dela jokoz kanpokorik egon. Markagailuan atzetik, etxean jokatzen, zaleak animatzeko gogoz, eta kontrario zuzen baten kontra jokatzen. Ez dago gehiago esateko; Mondrak aurrera egin du, jokoz baino bihotzez, baina ez da emaitzari buelta emateko nahikoa izan. Eta hori Andoni Aizpuruak ondo aprobetxatu duela partidu osoan kontrarioaren atera egin duten jaurtiketa apurretako bat: Bonbarekin jokaldia egin eta area kanpotik ezkerkada zuzen joan da barrura (1-2). Lehenak ez du bigarrena ekarri, ez zegoen astirik, ezta Mondraren partetik bata bestearen ostean lotutako arrisku jokaldirik ere. Tamalez, Andoniren gola kalitate zertzelada baino ez da izan.       

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak