Maria Izagak eta Andoni Calvok aurkeztutako ekitaldian, etxekoak izan dira agertoki gainera igotzen lehenak: hain justu ere, Junior's taldeko neska-mutikoek Enio Morriconen Chi Moi kantua jo dute; jarraian, Senior's taldekoen txanda heldu da. Metalicaren Nothing else maters abesti ezaguna aukeratu dute horiek; Maria Izaga aramaioarraren ahotsak txundituta utzi ditu guztiak. Azkenik, Arrasate Musikaleko helduek hartu dute lekukoa; Jurasikos taldekoek euskal musikagintzan mitikoa den kantua interpretatu dute: Itoitzen Lau teilatu. Marta Gomezen ahotsa izan dute horiek lagun. Arantzazu Idigorasen gidaritzapean jo dute orain dela 12 urte sortutako hiru konbo talde horiek.
Bertsoak ezagutzen
Arrasatearrek eskainitako emanaldi laburraren ondotik, bertsolaritza gertutik ezagutzeko aukera izan dute kataluniarrek. Izaga berak eta Paula Amilburu aramaioarrak bi herrien arteko batura goraipatu eta horretan musikak duen garrantzia azpimarratu dute abestu dituzten bi bertsotan.
Jarraian, Conca de Barbera eskualdeko musikariak izan dira jaun eta jabe agertoki gainean. Haizezko orkestrak zabaldu du errepertorioa. Stonen lau kantu jo zituen: The Ash Grove, Country Gardens, St. Martins eta Dance Celtic. Haizezko taldeak, ostera, egitarauan aurreikusita ez zeuden abesti bi eskaini dizkiete Amaian batutakoei: Jurassic Park eta Hey jude. Haizezkoen ostean, kamara bezala ezagutzen diren taldeekin gozatu du publikoak. Askotariko adineko bederatzi flauta-jotzailek Tschaïkowskyren El lago de los cisnes jo dute. Horien ondotik, Albert Vilalta piano-jolearen txanda izan da. Hasiera batean, Marti Plana biolinista, Montserrat Sanahuja biolontxelo-jotzaile eta Albert Vilalta hirukotearen arteko emanaldia zegoen aurreikusita, baina partaide bat ezin izan da Arrasatera etorri eta hortaz, Vilaltak bakarrik jotzea erabaki dute.
Musika tresnen ostean, ahotsak bihurtu dira protagonista; Josep Porter i Rovira eskolako abesbatza bik ere parte-hartu dute-eta kontzertu berean. Musicae abesbatzak Soon and very soon eta Orfeo Negro abestuko ditu, eta gaztetxoez osatuta dagoen Bartok abesbatzak, ostera, Nkosi sikelel i' Afrika eta A white rainbow.
Sardana
Musika emanaldia amaitu aurretik, etxekoek Arrasate Musikaleko Big Band taldearen diskoa oparitu diete kataluniarrei, eta baita Arrasateko historia jasotzen duen liburua ere. Josep Porter i Rovira musika eskolakoek ere "sorpresatxoa" zuten gordeta: Amaian batutako guztiei beraien herrialdeko Sardana dantza eskaini nahi izan diete; handik etorritako 53 musikari igo dira agertoki gainera hori interpretatzeko.
Orain arrasatearrei tokatzen zaie Montblanc bisitatzea; apirilaren 20, 21 eta 22ko asteburuan dute Arrasate Musikalekoek hara joateko asmoa; hain justu ere, herriko jaiak ospatzen dituztenen egunetan doaz. Ziur ezin hobeto hartuko dituztela han.