Txalapartako Mikel Sanzberrok eta Juan Luis Uriartek prestatutako gisatuak jaso du epaimahaiaren lehen saria eta Leintze elkarteko Alfredo Alonsok eta Cayo Atxak jaso dute bigarrena.
Sari banaketan Inazio Azkarraga-Urizar Arrasateko alkateak hartu du parte. Epaimahaiak ez du lan erraza izan eta nahikoa lan izan dute irabazlea erabakitzeko orduan.
Gabino Yarza (Hilarion jatetxea), Felix Garrido (Hamalau), Iñaki Pildain (Santa Ana) sukaldariak, Aitor Lopez Rekarte Realeko jokalari ohia, Asier Alzelai (Oñatiko Aldai baserrikoa), Maite Murgiondo (Aretxabaletako Etxezuri baserrikoa) eta Maximo Iñurrategi (Eskoriatzako Jausoro baserrikoa) izan dira epaimahaian.
Pintxoak eta txakolina
Lehiaketaren ondoren, eta Mankomunitateak eta Debagaraia Landa Garapen Elkarteak antolatutako X. Jardunaldi Gastronomikoen barruan, euro eta erdiren truke, pintxoak (gisatuarenak edo buzkantzak) eta txakolina dastatzeko aukera izan dute Seber Altubera hurbildutakoek.
Hara joandakoen artean Juanito Zelaia oñatiar ezaguna ere ikusi dugu. Txakolingilea ere bada Zelaia (Upain txakolina izan da gaurko protagonistetako bat gaurko ferian) eta aurtengo uzta ona izan dela aurreratu digu. Pozik zegoen Juanito Zelaia feriak gaur izan duen erantzunarekin.
Gatzatua egiteko tailerra
Gatzatua egiteko tailerra ere egon da Seber Altuben. Batis Otaegik eman ditu azalpenak eta entzuleria (helduak zein gaztetxoak) adi-adi izan du. Era berean, Debagoieneko artzainek ekoiztutako gaztak dastatzeko aukera egon da Arrasaten eta barazkiak, frutak eta bestelakoak ere izan dira Seber Altubeko karpetan banatutako postuetan.