Otsailaren 6ko istripuko lekukoak behar dira

Ubane Madera 2012ko martxoaren 16a

Joan den otsailaren 6an Otalora lizentziaduna kalean izandako auto-harrapaketaren lekukoak behar dituzte. Hain zuzen, autoak harrapatutako F. I. A. umearen senideek eskatzen dituzte lekukoak. "Berak dio zebrabidetik gurutzatu zuela errepidea. Eta ni seguru nago egia esaten dabilela. Gainera, zebrabide hori gure atariaren pare-parean dago, eta umeak beti gurutzatzen du hortik", dio Patricia Rabelo umearen amak.

Harrapatutako umearen amak gaineratu du istripu-gunean ez zutela "balaztada" arrastorik aurkitu, eta bertsio ofizialak esaten duen moduan umea bi auto artetik irten bazen errepidea gurutzatzeko, azaldu zen tokia baino urrutirago egon beharko zela kolpearen ondorioz, "21 kilo besterik ez ditu-eta". "Seguru nago auto bat bigarren lerroan aparkatuta zegoela, eta horretxegatik gidariak ez zuela nire semea ikusi".

Bertsio ofiziala

Udaltzaingoak istripua gertatu ostean emandako informazioaren arabera, berriz, umea ez zen bidea zebrabidetik gurutzatzen ari. Istripua gertatu zen tarte horretan bi zebrabide daude (Taupa tabernaren parean eta Kulturate parean), bada mutikoa bi zebrabide horien artetik pasa zen, errepidetik eta zebrabidetik distantzia dezentera, alegia. Udaltzainek informazio hori istripua bertatik bertara ikusi zuen lekuko batengandik jaso zuten. Lekuko hori Okorotegiko biribilgunetik Maalako biribilgunerantz zihoan, eta istripua metro gutxitako distantziatik ikusi zuen. Bide batez, esan, udaltzainek alkoholaren eta drogen probak egin zizkiotela gidariari eta bietan negatiboa eman zuela.

Kaleari beldur

Otsailaren 6an, 19:00ak inguruan gertatu zen auto harrapaketa, Otalora kalean. Auto batek zortzi urteko F.I.A. mutikoa harrapatu zuen, eta jasotako kolpeen ondorioz, umea lehenengo Arrasateko Ospitalera, eta gero Donostiakora eraman zuten, traumatismo ugarirekin. Zainketa intentsiboen unitatean izan zuten pare bat egunez. Orain, mutikoa "ondo" dago. "Mokorrean eta tripan min apur bat badauka, baina ondo dago. Niretzat Jaungoikoaren mirakulua izan zen hori besterik ez izatea. Dena den, orain kaleari eta zebrabideak gurutzatzeari beldurra hartu die, eskolara bakarrik joaten zen eta orain nik eraman behar izaten dut. Eta gainera, kalean eta eskolan batek baino gehiagok esan diote: Osatu zara? Ba ia ba orain ikasten duzun zebrabidetik gurutzatzen. Hori ez da bidezkoa", bukatu du Patricia Rabelok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak