Jardunaldiok Lehen Hezkuntzako hiru zikloetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. zikloko ikasleei zuzenduta daude eta orain arteko edizioetan moduan –aurtengoa 22. edizioa da dagoeneko–, hiru fase izango dituzte:
- Lehenengoan, ikasle batzuk aktore bilakatuko dira beste ikasle batzuen aurrean. Hori gaur eta etzi, barikua, izango da.
- Bigarrenean aktore profesionalek egindako lanak ikusiko dituzte.
- Hirugarrenean, berriz, programan parte hartuko duten ikasle batzuek bisita gidatuak egingo dituzte Amaia antzokia barrutik ezagutzeko.
Gaur eta etzi, DBHko 1.zikloko ikasleek sei obra egingo dituzte Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleen aurrean; emanaldi bakoitzean 200 bat ikasle izango dira.
Aktore profesionalak
Maiatzaren 3an, 10ean eta 17an izango dira, berriz, aktore profesionalek egindako antzerki emanaldiak: Vaiven taldeak Lotsagabeak lana antzeztuko du 415 ikasleren aurrean; Txalo produkzioak taldeak, Ipuinen bilduma erakutsiko du bi emanalditan 751 ikasleren aurrean eta Paraiso taldeak, azkenik, Bremengo musikariak obra ekarriko du, 671 ikaslek bi emanalditan ikus ditzaten.
Ikasleen artean antzerki zaletasuna bultzatzeko ekimenarekin amaitzeko, azken fasean Amaia antzokia barrutik ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte. Hala, atze-oihaleko sekretuak ezagutuko dituzte, besteak beste. Arrasateko Herri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako 6.mailako 200 ikaslek egingo dituzte bisita hori.
Gaurko antzezpenak
Ikasleen antzezpenei dagokienean, gaur, goizez eta arratsaldez izango dira emanaldiak, Amaia antzokian 10:15ean hasita.
- Arrasate Institutua B taldea: Dena izango da izan behar duen bezala. Herri Eskolako eta Arizmendi-Almeneko LHko 5. mailako ikasleak ikusle izango dituzte.
- Arizmendiko Almen B taldea: 6. maila bukatu dut estreinatuko du. Ikusle: Almeneko LMHko 4. mailakoak.
- Arizmendiko Gaztelupe B taldea: Gaixo obra. Ikusle: Almeneko DBHko 1. mailakoak.
Hiru antzerki emanaldi hauek arratsaldeko 14:45etik aurrera, berriro errepikatu dituzte ikasle ikusleria ezberdinak izango dituztelarik.
Egubakoitzeko antzezpenak
Etzi, barikuan, beste emanaldiak iragarri dituzte, toki eta ordu berean.
- Institutua A taldea: Urkuluetako Bainuetxea. Ikusleak: Herri Eskolakoak.
- Arizmendiko Almen A taldea: Maritxu nora zoaz. Ikusleak: Almeneko eta Herriko Eskolako LMHko 4. mailakoak.
- Arizmendiko Gaztelupe A taldea: Hollywoodeko izarra. Ikusleak: Arrasate Institutuko DBHko 1. mailakoak.