95 urte bete ditu Upina Valberdek. "Gauzak falta zaizkigu baina, bizitzaren legea da, zer egingo diogu bada. Osasuna momentuz badugu eta aurrera egin behar da. Bost seme-alaba hazi ditut; orain ilobak eta birrilobak. Uribarrin eta Abaroan zaharrena naiz 95 urterekin. Ea datorren urtean ere etortzerik dudan", kontatu digu Valberdek.
Eugenio Apaolazak 92 urte dituen arren, ardo baso bat edateak tarteka on egiten diola aitortu digu. ”Bapo bazkaldu dugu eta oso gustura egon gara. Burua eta osasuna badaukagu eta pozik, ezin kexatu. Ilusioa egiten du horrelako ospakizun egunak. Lagunen aurpegiak aurrez aurre izatea eta eurekin hitz egitea asko gustatzen zait; horrelako eguna aitzaki hartuta primeran ibiltzen gara, nahiz eta urtero norbait falta zaigun mahaiaren inguruan”. Espainiako Gerra Zibileko kontuak eta soldadutza garaiko anekdotak gogoratzen aritu zirela mahaiaren bueltan azaldu zigun Apaolazak. “Guri la quinta del biberon deitzen ziguten gure adinagatik, oso gazteak ginelako; halaxe deitzen ziguten Gerra Zibil garaian soldadutzan eta baita lagun koadrilan gu baino zaharragoak zinenek”, kontatu zigun Eugeniok bere umore fina oraindik ere mantentzen duela argi utzita. Alaba bat, eta hiru iloba ditut; gainera sei birriloba ditugu etxean, entretenimendua behintzat ez zaigu falta.
Guztira, Uribarriko 32 gizonezko eta 22 emakumezko batu ziren urteroko bazkaria egiteko. "Datorren urtean ea leku gehiago dugun, aurten justu-justuan sartu gara-eta. Egun polita da gure nagusiek merezi dutelako; Bapo jan dugu, urdaiazpikoa arrai zopa, legatza eta postrea, kremazko tututxoak eta ondoren kafeak denondako".
Jose Luis Plaza da elkarteko presidentea, aurten lehenengoz antolatu du gainera 80 urtetik gorakoen omenaldia Uribarrin. Pozik hartu duela ardura azaldu digu. "Berria nahiz eta oraindik izenekin eta adinarekin nahastu egiten naiz; hala ere, gustura nabil eta hartuko dut martxa", kontatu zigun irribartsu Plazak.