Rombos Negros, Subversion X eta Lobos Humanos taldeak, gaur gaztetxean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko martxoaren 16a

Rombos Negros taldeko gitarra-jole Pablo Navarrok gaurko kontzertuaren berri eman digu. Bergarako taldea disko berria prestatzen dabilela dio, irailerako gertu egongo den lana. Arrasateko gaztetxean Rombos Negros, Subversion X eta Lobos Humanos taldeek joko dute, 22:00etan.

Parte hartuko duzuen hiru taldeek antolatutako kontzertua da.
Bai; gaztetxera joan ginen kontzertua egiteko data bat eskatzera. Parte hartuko dugun hiru taldeak Madrilgo VC diskoetxekoak gara. Subversion X taldeak Bilbo inguruan jarri ditu kartelak, guk Gipuzkoan eta Lobos Humanos taldeak Madril inguruan egin du publizitatea.

Nolako kontzertua izango da?
Egun garrantzitsua izango da guretako. Erakutsi gura dugu punk musikak aurrera segitzen duela eta, gainera, bilakaera garrantzitsua izan duela. Garai batean punk primitiboa egiten zen, jendeak ez zekien jotzen eta, gainera, baliabide gutxi zegoen. Orain, hori aldatu egin da. Baina punkaren mamia bera da eta, gainera, rockak indarra ematen dio. Nik 15 urte nituenean harrituta ikusten nituen garai hartako punk taldeak; bada, guk orain gauza bera egin behar dugu gaztetxoek punkarekin segi dezaten.

Rombos Negros taldea noiz eta non sortu zen?
Gasteizen sortu genuen taldea, orain dela zortzi urte. Hasiera baten, bi taldekide bakarrik ginen, bateria-jolea eta gitarra-jolea. Ondoren, baxu-jole bergararra sartu zen. Azkenean, Bergarara etorri nintzen bizi izatera, eta gaur egun talde osatzen dugun hirurak Bergaran bizi gara.

Disko berriko grabazio lanetan zabiltzate. Noiz izango duzue diskoa kalean?
Bai, Bergarako estudio batean grabatzen gabiltza lana. Primero el rock luego la carne izango da izenburua. Izenak dena dio: garrantzitsua da lehenengo musika bera, sentimendua adieraztea, eta gero etorriko da fama edo dena delakoa. Guk uste dugu irail inguruan argitaratuko duela lana Madrilgo VC etxeak. 11 abestiz osatutako lana izango da.

Diskoa orain artekoaren jarraipena da?
Bai; guretako, Rombos Negros gure identitatea da. Izan dugun bilakaeraren erakusle da. Abesti landuagoak egin ditugu eta soinua ere landuagoa da. Esperientzia igarri egien da musika egiterakoan.

Betiko abestiez gain, gaurko kontzertuan abesti berriak ere eskainiko dituzue?
Bai,hori da. Kontzertuan disko berriko abestiak ere sartuko ditugu. Gainera, Lobos Humanos taldeak ere disko berriko lanak eskainiko ditu: Cementerio de animales. Lan berriarekin buru-belarri dabiltza eta abesti berriak eskainiko dituzte. Subversion X taldeak diskoa aurkeztuko du datorren hilean eta haiek ere lan berriko abestiak ekarriko dituzte gaztetxera.

Zuzeneko irudiak grabatuko dituzue ikus-entzunezko bat egiteko.
Bai, talde bakoitzak bere herritik gaztetxerako bidea bideoz grabatuko du eta irudi horiekin ikus-entzunezko bat egingo dugu. Uste dugu hilabete pare batean ikusgai jarriko dugula, Interneten. Emanaldi berezia izango da; izan ere, kazetari bat ikusleei inkestak egiten ibili da zuzenean, eta hori ere sartuko dugu muntaian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak