EBPN abian
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren harira, euskara eragile guztiekin eta ikastetxeekin banakako erronda bat egin dutela azaldu du Etxeberriak. Dagoeneko euskara eragileekin bi batzar egin dituzte. "Batzarrean ikusi genuen elkarrekin lan egiteko beharra eta prestutasuna badagoela; herriko beharrak aztertuta zer norabide hartu behar dugun ikusi dugu. Euskalgintzako eragileekin –AEK, Udal Euskaltegiak, Txatxilipurdi, AED, EMUN, EKIN eta Goiena – hausnarketa egingo dugu. Orain dela sei urte hasitako lanari jarraitu diogu urrats berriak emateko helburuaz".
Hurrengo bilera hil honen bukaeran egingo dute hezkuntza arlokoak gehituz: "Arizmendik, Herri Eskolak, Institutuak eta Eskola Politeknikoak, bakoitzak badu bere plana, baina, Euskara Biziberritzeko Plan honen barruan plan horiek denak bildu nahi ditugu eta batera dezekegunarekin aurrera", azaldu du. Posible dela elkarrekin lan egitea azpimarratu gura izan du Euskara Batzorde buruak, Arrasate Irratian. "Orain gure erronka da asmatzea ze ildo eta formatutan heltzen diogun guzti horri". Udal Euskaltegiarekin dagoen harremanaren gainean galdetuta, Etxeberriak azaldu du Udalean egiten diren Euskara Batzorde guztietara Udal Euskaltegiko ordezkaria joaten dela, baita EBPNaren harira egiten diren bileretara ere. "Horrek esan nahi du, bai AEKren eta baita Udal Euskaltegiaren presentzia beharrezkoa dela egiten diren planen inguruan badutelako zer esana: ze behar ikusten dituzten….", azpimarratu nahi izan du.
Diru-laguntzak normalean araudi baten menpean daude. "HABEtik datozen araudiak dira eta ikasle kopuru gutxiengo bat bete behar da, adibidez. Horretan, Udalak ez dauka eskumenik. Udalak diru laguntza txikiagoak eta bekak bideratzeko eskumena dauka. Gizarte laguntza programa egon eta euskara ikasi nahi duenarendako dohainekoa da, adibidez", azaldu du.
Udal euskara plana
Udaleko euskara plana datorren urterako berritu egingo dute. "Begiak non jarri behar ditugun ikusi behar dugu, hobetzeko. Langileen ohiturak eta jarrerak landu behar ditugu. "Udaletxean, euskarak era formalean –idatzietan eta aktetan– gora egin du; langileen artekoa, ordea, beste bat izan daiteke".
Euskararen erabilera
Argitaratu berri den inkesta soziolinguistikoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, hamar urtetan, 2,6 puntu igo da euskara dakitenen kopurua. "Biztanleen herenek euskaraz dakite EAEn baina, %80ak gaztelera besterik ez du erabiltzen. Kezkatzeko moduko datuak dira. Batez ere hartu duen joera. Ezagutza maila ez da hainbeste igo, eta erabilera ez da jakitearen parean jarri". Euskaraz jakin arren gaztelerara jotzeko ohitura dugula gaineratu du Etxeberriak. "Berri pozgarri bakarra da, gora egin duten arloak lan arloa eta Udaletako administrazio arloa direla. Gutxien gora egin duena berriz, etxean hitz egiten dena da". Arrasaten egindako neurketaren arabera euskara dakitenen kopurua %55 inguruan dabil; baina, erabilera kale neurketeten datuen arabera, %30-32 ingurukoa da; datu kezkagarria da. Transmisio arazoak ikusi dira bai etxean eta baita kaleko giroan ere, egunerokotasunean, alegia".
"Nahiko kanpo-larrosak gara, munduko euskaldun onenak bezala daukagu gure burua, baina gure praktika ez da horrelakoa; esku artean ditugun datuak erne egoteko moduak dira. Galtzear dagoen hizkuntza bat dugu eta ez gara ohartzen. Administrazioari eskatu behar zaio bere ekimenetan aurrera egin behar duela baina batez ere norbanakoari sortu behar zaio harra, ardura hori, inork esan gabe hizkuntzarekiko bete beharra duela".
Mezua bakarra eta argia utzi gura izan du Etxeberriak: "Euskara komunikatzeko, egiteko da, komunikatzeko ez badu balio, plantak ez dute balio".