Zerbitzari eta DJ lanak egiten ditu bertan: "Eibarko eta Gasteizko bi lagunek martxan ipinitako proiektua da. Urte asko daramatzat haiekin elurretara joaten denboraldi osoak egitera. Orain, Andorran bizi naiz eta sagardotegian lan egiten dut". Andorran bizi den arren, egunotan Arrasaten dago, snowboarda egiten sekulako kolpea hartu zuen eta bertebra bat apurtu du-eta.
Elurrez inguratutako txotxa
Eguna elur-pistetan pasatu eta gero, bakailaoa eta txuleta on bat jateak sekulakoa izan behar du, eta garrantzitsuena, hori guztia nahi beste sagardo edanda: "Horixe da bezeroei gehien gustatzen zaiena: kupeletara nahi dutenean gerturatu eta nahi beste sagardo edateko aukera izatea. Gu ohituta gaude horretara, baina Euskal Herritik kanpo arrotza da". Sanchezek kontatu digu beti-betiko sagardotegiko menua eskaintzen dutela: "Sukaldaria hernaniarra da, Karlos Argiñanoren eskolan ikasitakoa, eta Euskal Herriko sagardotegietan eskaintzen den menu berbera ematen dugu".
Sagardoa ere Euskal Herritik eramaten dute eta bezeroek, gainera, argi daukate zein sagardo gustatzen zaien gehien: "Astigarragako Zapiain sagardotegian hartzen dugu sagardoa eta geuk eramaten dugu Andorrara kupeletan. Beste sagardo batzuk ere probatu izan ditugu, baina bezeroek argi esan digute, beti, Zapiaingoa dutela gustukoen".
Bezeroen jatorriari dagokionez, mundu osoko jendea joaten dela kontatu digu: "Irlandatik eta Ingalaterratik turistaz betetako autobusak etortzen dira Andorrara, baina azkenaldian errusiarrak ere hasi dira agertzen. Horrez gain, bertako bezeroak ere gero eta gehiago etortzen dira, dagoeneko nahiko ezaguna da eta enpresako afariak egitera, esaterako, asko etortzen dira".
Sagardotegia baino gehiago
Gauetan ere eskaintza zabala izaten dute, eta hortik dator bere izena: Sagardotegi Herri Pub: "Hilabete osorako egitaraua antolatzen dugu eta egubakoitzetan eta zapatuetan kontzertuak egiten ditugu, edo, bestela, musika elektronikoa ipintzera etortzen dira DJak. Giro polita egoten da".
Ping-pong txapelketak ere antolatzen dituzte. Beraz, aspertzeko denborarik ez dago sagardotegi horretan.