"Ospitale-gunerako 200 aparkaleku baino gehiago izango ditugu 2014rako"

Ubane Madera 2012ko martxoaren 14a

Zaborra batzeko atez ateko sistema ekainean eztabaidatuko dute Arrasateko Udalean; bestalde, aparkaleku gabeziarekin lotuta, ospitale gunean urte amaierarako ehun aparkaleku baino gehiago izango dira, gaur egun itxita dagoen Laubideko lur azpiko aparkalekua zabaltzeko negoziazio prozesuan dabil Arrasateko Udala, eta besteak beste, Arrasateko gune batean aurten OTA sistema ezartzeko asmoa dauka. Halako iragarpen esanguratsuak egin zituen Inazio Azkarraga-Urziar Arrasateko alkateak atzo, martitzena, Goiena telebistako Harira saioan.

Zaborra batzeko atez ateko sistemari dagokionez, eta herritarren artean kezka badagoela aitortu ostean, Azkarraga-Urizar alkateak azpimarratu zuen, bere ustez, kezka horiek argitzen joango direla informazioa zabaltzen doazen neurrian. Eta iragarri zuen informazio kanpaina “indartsua” abiarazteko asmoa dutela, bereziki herritarren parte-hartzea bideratzeko. Era berean, azpimarratu zuen atez ateko sistema malgua dela eta ;egoera guztietara egokituko dela.

Ekainean, osokoan

Ildo berean eta oposizioan dagoen alderdi sozialistak egindako galderari erantzunez, jakinarazi zuen ekainean landuko dutela atez ateko gaia osoko bilkuran, osokoak daukalako sistemak aurrera egingo duen edo ez erabakitzerakoan azkeneko berba.

Ospitalean aparkalekua

Bestalde, inguruko herrietan moduan, Arrasaten aparkaleku gabezia da herriak duen arazoetariko bat, besteak beste, ospitale gunean. Bada horrekin lotuta, albiste pozgarri bat eman zuen herriko alkateak: “Akordio batera iritsi gara; asmoa da ospitale berria ekainerako zabaltzea eta tarte horretan sinatuko dugu hitzarmen bat eta hor jasoko da aparkaleku kopuru bat egin behar dela". Osakidetzak egingo lituzkeela jakinarazi zuen: "Batzuk lur azpikoak izango lirateke eta beste batzuk kanpokokoak. 2014rako 200 aparkaleku eta piku aurreikusten dira. Faseka egingo dugu. Lehenengo fasea ospitalea zabaltzen dutenerako izango da. Eta urte bukaerarako izango da bigarren fasea, bigarren fase horretarako ehun aparkaleku baino gehiago izango dira". 

TAO badator

Horrekin batera jakinarazi zuen herriko gune batean TAO sistema ipintzeko asmoa dutela, Bergarakoaren antzerako sistema, hain zuzen ere: doakoa eta makinekin funtzionatuko zukeena. Jakinarazi zuen hasiera batean herriko gune zehatz batean aplikatuko dutela TAO sistema hori eta gero apurka-apurka zabaltzen joango direla; hala ere ez zuen datarik eta leku zehatzik aurreratu.

Laubide zabaldu guran

Aparkaleku kontuekin bukatzeko, Arrasateko alkateak esan zuen negoziaziotan dabiltzala 2006az geroztik itxita dagoen Laubideko lur azpiko aparkalekua atzera ere zabaltzeko, nahiz eta alkateak berak aitortu ez dela erraza izango hori lortzea.

Diru falta

Bestelako gaien artean, berriz, oposizioko alderdiek, Euzko Alderdi Jeltzaleak eta Alderdi sozialistak, hurrenez hurren, lidergo falta eta ekonomia eta enplegua bultzatzeko iniziatiba falta egotzi diote Inazio Azkarraga-Urizar alkateari.

Bada biei erantzunez, alkateak azpimarratu zuen diruri ez duela Arrasateko Udalak, eta ondorioz, euren baliabideak mugatuak direla. Hala ere, gogora ekarri zuen Udala badiharduela egoera larrian dauden pertsonekin lanean eta enpresak sortzeko laguntzak ematen segitzen duela, nahiz eta gaur egungo egoera ekonomikoa larri askoa izan.

Aprendizen Eskola, Saiolan eta Gelma, zer?

Eta besteak beste, Arrasaten hutsik dauden eraikin esanguratsuen gainean galdetuta, alkateak jakinarazi zuen Aprendizen eskola Jaurlaritzarena dela, eta herrirako lortzeko erosi egin beharko litzatekeela; erlojuaren eraikinarekin lotuta, adierazi duen gaia epaitegietan dagoela Arrasateko Udalak berea dela uste duelako eta Jaurlaritzak, berriz, berarendako erreklamatzen duelako eta Gelmaren eraikin nagusiari dagokionez, adierazi zuen hura Arrasatekoa den arren, barrutik oso egoera txarrean dagoela eta inbertsio handia egin beharko zukeela hari erabilera emateko.

Bandalismo kasuak

Bukatzeko, alkateak landutako hainbat gairen artean, herrian sarri gertatzen diren bandalismo kasuengatik ere galdetu zioten Inazio Azkarraga-Urizar alkateari; neurri batzuk hartu dituztela erantzun zuen hark.

Elkarrizketa osorik

Hauxe, beraz, Arrasateko alkateak Harira saioan esandakoaren laburpena. Edozelan ere, alkatearen elkarrizketa berriro ere osotasunean entzuteko aukera izango duzue egubakoitzean Goiena telebistan, 17:00etan eta 20:45ean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak