Arrasateko harrobiak emandako atletek aparteko lana egin zuten joan den asteburuan Anoetan. Maialen Axpek (Atletico San Sebastian) urrea jantzi zuen (3.95), eta justu-justu ez zuen lau metroko muga gainditu. Orain momentuan Espainian lau atleta baino ez daude marka hori gainditzeko gauza direnak –senior mailan– eta aparteko emaitza izango litzateke. 3.95 metroko saltoarekin, baina, Bartzelonan egingo dituzten Munduko Txapelketarako gutxieneko marka lortu zuen.
Uribarren, azken ahaleginean
Domekan iritsi zen Iñigo Uribarrenen ordua (Real Sociedad). Salto hirukoitzean egindako ahalegin guztietan 14 metroko marka gainditu zuen. Azkenaurrekoan, 14.54 metroko markarekin podiumean leku bat irabazi zuen, baina azken saltoak eman zion garaipena, kontuan hartzeko moduko 14.77 metroko saltoarekin.
Bartzelonan ikasten dabilen Lore Mar aretxabaletarrak ere erakutsi zuen lesiotik errekuperatzen dabilela, eta poliki-poliki garai bateko maila hartzen dabilela. Lore Marrek 3.25 metroko saltoa eginda bosgarren postua eskuratu zuen.
Maria Jose Gil, Zaragozan jaun eta jabe
Eta atleta horiekin batera aipatzekoa Maria Jose Gilek Zaragozan egin zituzten Espainiako Txapelketetan lortutako urrezko bi dominak. Gil onena izan zen 1.500 eta 3.000 metrotako lasterketetan.