Jardunaldi bikoitza eta gogorra jokatu dute AKEko tenislariek asteburuan

Goiatz Arana Begiristain 2012ko martxoaren 12a

Asteburu honetan AKE Tenis Elkarteak jardunaldi bikoitza eta benetan gogorra izan du. Arrasateko taldeak Vasco Navarro Riojano Cantabro (VNRC) txapelketan dihardu aurten ere eta, bigarren jardunaldian Santanderreko La Magdalenaren aurka etxean 3-4 galdu ondoren, txapelketan bizirik mantentzeko aukera berria zuen elkarteak asteburu honetan.

Lehen jardunaldia Basauriko Artunduaga Tenis Elkartearen aurka zuten AKEkoek, baina bertan behera geratu zen Euskadiko jubenil mailako txapelketarekin batera egokitu zelako; horregatik, zapatuan, atzeratutako jardunaldia jokatzera joan ziren Arrasatekoak Basaurira.

Gutxik espero zutena gertatu zen bertan: lehen hiru partiduak beste hainbeste set amaigabetan jokatzea, alegia. Izan ere, Xabi Esturok lehen seta galdu eta bigarrena 3-0 galtzen zihoanean, estrategia aldatu eta partiduari buelta eman zion maisuki, hirugarren seta 6-0 irabazteraino. Sebas Sierra ere bikain aritu zen: lehen seta galdu arren, bigarrena eta hirugarrena irabazi egin zituen. Kepa Aranbarrik, berriz, partidu hasieratik bukaeraraino agindu zuen baina, bigarren seta ixteko pasa zuen bolada txarraren ondorioz, honek ere hirugarren bat behar izan zuen garaipena lortzeko.
 
Eneko Fernandez eta Aitor Balzategiri Basauriko lehen bi jokalarien aurka jokatzea tokatu zitzaien. Horien nagusitasunagatik batetik eta arrasatearrek erakutsitako joko maila eskasagatik bestetik, ez zuten erraza izan. Kontua da, baina, Arrasatekoak 2-3 irabazten zihoazela gaua heldu zela eta jardunaldia eten behar izan zutela, datorren asteburuan jarraitzeko.

Domekan etxean, gasteiztarren kontra

Atzo –domeka– Gasteizko Jakintza Tenis Elkartea etorri zen Arrasatera, azken jardunaldia jokatzera. Kepa Aranbarrik eta Xabi Esturok kalitatea eta joko egonkorra ezarri zituzten eta, nahiz eta aurreko eguneko nekea asko sumatu, argi utzi zuten momentu paregabean daudela eta ez dutela oparirik egiten. Sebas Sierrak, aldiz, are gehiago nabaritu zuen bezperako nekea eta, oso gutxigatik bada ere, galdu egin zuen. Jardunaldiko sorpresa Eneko Fernandez eta Aitor Balzategik eman zuten; izan ere, moralki apur bat ukituta zeuden arren, Gasteiztik etorritako lehen bi jokalariei gailendu zitzaizkien, Espainiako ranking absolutuan oso goian dauden gaztetxoei irabazita. Fernandezek partidu osoan aginduz nahiko errez irabazi zuen, baina Balzategik partidu ahaztezina jokatu behar izan zuen: bigarren setean 5-2 irabazten zihoala, partidua irabazteko lau pilota alferrik galdu zituen eta arerioa gora etorri zen.

Binakako partiduak

Lau eta hutsekoarekin jardunaldia erabakita zegoen arren, binakako partiduak jokatu ziren, zapatuan Basaurin falta zirenei entrenatzeko eta gaztetxoei jokatzeko aukera emateko. Inaki Zabalak eta Julen Etxabek bikote txukuna egiten dutela erakutsi zuten, gasteiztarrak menderatu eta AKEri bosgarren puntua emanez. Bigarren bikotea Aitor Magallanes eta Eneko Fernandezek osatu zuten; galdu arren, pozik joan ziren etxera, izan ere, 5-2ko markagailuak AKEkoei hirugarren kategoriako multzoan berdinketa hirukoitza izan eta datorren astean Basaurin puntu bat eskuratu ezkero, kategoriaz igotzeko atea zabaldu die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak