Herentzia Iturbide egoitzarendako

Ubane Madera 2012ko martxoaren 12a

Gizarte honetan oraindik ere eskuzabalak eta esker onekoak badaudela erakusten du Hilario Uzarragak, Iturbideko egoiliar zenak izan duen keinuak: bere ondare osoa utzi dio bizitzako azken 27 urteetan zaindari on izan duen Iturbide egoitzari. 18.234 euroko herentzia utzi du.

Udala auzoko Nebera baserrikoa sortzez, iazko martxoaren 19an hil zen Hilario Uzarraga Astola, bizitza luze askoa izan eta gero, 101 urterekin zendu zen-eta.

Testamentu bakarra eginda hil zen, eta testamentu horren onuradun Iturbide egoitza izendatu zuen; izan ere, ez zituen alperrik bere bizitzako azkeneko 27 urteak bertan eman, Iturbide egoitza zabaldu zenetik hantxe bizi izan zen-eta, 1985. urtetik, hain zuzen ere.

"Oso irratizalea zen, Loiola irratia gustatzen zitzaion; musika klasikoa ere bai, eta oso futbol-zalea zen, Barçakoa bete-betean. Bere gelan egiten zuen bizitza, intimitatea oso gustuko zuen-eta, baina oso jatorra eta zintzoa zen langileekin, beti eskerrak ematen zebilen", kontatu dute Iturbide egoitzatik.

Bada orain utzi die eskerrik beroenak horrenbeste urtean bera zaintzen ibili diren Iturbideko langileei: 18.234 euro esker on. Duda barik, egoitzako langileek ondo zaindu duten seinale.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak