Debuta egin eta aldaketa eskatu behar. Lastima.
Bai, baina normala da. Kirola egiten dut, korrikan-eta aritzen naiz, baina futbola beste gauza bat da. Partiduan baloia ukitu eta segituan igarri dut gainkarga, abduktorean. Erdialdean jokatu dut eta oraindik ohitu arte denbora apur bat beharko dut. Partiduan asko barkatu dugu, batez ere lehen zatian, baina ikusi da aurrera heltzeko gai garela. Hori oso garrantzitsua da.
Maila mantentzeko aukerak badaude, hortaz ziur nago, baina ate aurrean asmatzen hasi beharko gara lehenbailehen. Gaurko [atzoko] berdinketa ona egin behar dugu datorren jardunaldian, etxean.
Nork esango zizun, duela hilabete, Mondraren elastikoa jantzi behar zenuenik.
[Barre] Ba bai, broma moduan hartuko nuke, eta orain gauza serioagoan bilakatu da. Baina Eibarren ere gauza bera gertatu zitzaidan, futbola utzita neukala uste nuenean aukera suertatu zen, eta halako aukerak behin bakarrik gertatzen dira. Halakoetan erabakigarria izaten da ze egoeratan zauden, eta zenbat gogo duzun. Alde horretatik, egia da lan askorekin nabilela baina futbolak gauza mordoa ematen dizkit; gorputzaldi onean nagoela uste dut eta laguntzeko kapaz. Gainera, halako kontuekin segituan animatzen den horietakoa naiz.
Esango nuke beti izan duzula herriko taldean jokatzearen arantza txiki hori, oso-oso gazte joan zinelako Realera.
Egia da Mondrari, etxeko taldeari, lagundu ahal izatea berezia dela niretako. Infantil-txiki mailan urtebete jokatu nuen, eta handik Realera joan nintzen. Aita ere talde honetako entrenatzailea izan zen, eta berezia da. Baina niri ere oso ondo datorkidalako esan dut baietz, uste dut eman baino jaso egingo dudala gehiago eta gozatzera, futbolean jokatuz ondo pasatzera nator. Arlo pertsonalean nik ere nire saria jasoko dut Mondran. Bestalde, datorren urtean Mondrak 100 urte beteko ditu, eta kategoria eusteko ahalegina egin behar dugu. Horrez gain, datorren urtean entrenatzaile izateko titulua atera nahi dut, eta esperientzia ona izango da hau.
Entrenatzaile berriek, Murua-k, Garinek, baina zure kasuan batez ere Zaitegik zu zeu proiektu honetan murgilarazteko abilezia erakutsi dute.
Gazte-gaztetatik ezagutzen dugu elkar, ez gu biok bakarrik, baita etxekoak ere. Eta alde horretatik, eskertzen dut hasieratik ahalegindu direla ahalik eta presio gutxien sartzen. Dena dela, badirudi ez dakidala ezetz esaten, eta ez da horrela. Baietz esan badut da ondo nagoela uste dudalako, lagun dezakedalako eta pertsonalki niri ere ondo datorkidalako. Bestalde, baina, aurtengo urtekoaz gain Mondran lan handia dago egiteko.
Futbolean jokatu barik, kirola egiten jarraitu duzu.
Korrika egiten dut, eta mendian ibiltzen naiz entrenatzen. Horregatik ikusten dut nire burua taldeari laguntzeko moduan. Hori bai, sasoian egotea gauza bat da, eta futbolean jokatzea beste bat. Futbolean kontaktua dago, baloia eraman behar da hanka ondoan... Dena dela, uste dut azkar errekuperatuko dudala baloiarekin galdutako toke-a.
Zenbat denbora futboleko bota batzuk jantzi barik?
Urte eta erdi bai! Beno, aste barruan jantzi nituen, zelan geratzen zitzaizkidan ikusteko...
Zuk aipatu duzu lehenago Mondrak datorren urtean 100 urte beteko dituela. Ez dakit denboraldi amaierara arte geratzeko asmoa duzun, edo 100. urteurren hori talde zuri-morean bizi nahi duzun.
Ez dakit, batek daki. Garrantzitsua da orain jendea animatzea, gertu egotea eta kategoriari eustea. Datorren urterako daukadan asmoa da entrenatzaile titulua ateratzea, eta horretarako ere denbora behar da, besteak beste, Madrilera joan beharko dudalako. Oraingoz hartu dudan konpromisoa denboraldi amaierara artekoa da, baina batek daki.
Kontziente zara zuk Mondran jokatzeak zaleen ilusioa ere berpiztu dezakeela?
Ea ba, hala den. Nik gogoan dut aita entrenatzaile zeneko sasoian sekulako giroa egoten zela Atxabalpen, eta orain jende gutxiago joaten dela. Ni natorrelako jende gehiago animatzen bada, hobeto, eskertu egingo diogu jendeari. Baina, ez dut uste jokalariok halakoetan pentsatzen ibiltzeko astirik izango dugunik, gure ardura izan behar da ondo jokatu eta partiduak irabaztea. Eta jendeak ikusten badu egoera txar horretatik irteten gabiltzala, errazagoa izango da eurak ere animatzea.