Arrasate Musikalek Montblanc-eko musika eskolarekin egingo du elkartrukea

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko martxoaren 12a

Arrasate Musikaleko musikariek elkartrukea egingo dute Montblanceko Josep Porter i Rovira musika eskolarekin. Hilaren 16, 17 eta 18an Arrasaten izango dira musikari katalanak. Hori dela-eta, kontzertua eskainiko dute hemengo gaztetxoekin batera. Kontzertua zapatuan izango da 12:30ean, Amaia antzokian.

Gazteak eta haien gurasoak 

Arrasate Musikaleko Arantzazu Idigoras irakaslearen eskutik etorri da elkartrukea egiteko aukera. "Montblanc-eko Musika Eskolan ezagunak ditugu eta adiskidetasun horren bitartez izan dugu aukera hango musikariak gurera ekartzeko", azaldu du Edorta Aiastui Arrasateko Musikaleko kideak.

Elkartruke horren bigarren zatia apirilaren 20, 21 eta 22ko aste bukaeran egingo da. Orduan, arrasatearrak Montblanc-era joango dira.

Datorren aste bukaeran 54 bat musikari etorriko dira Arrasatera: horietatik erdiak Musika Eskolako gaztetxoak izango dira eta gainerakoak gaztetxo horien gurasoak. Izan ere, gurasoz osatutako bi abesbatza etorriko dira Arrasatera: Coro Musicae eta Coro Bartok.

Bi zati izango ditu kontzertuak 

Zapatuan eskainiko duten kontzertuan lehenengo Arrasate Musikaleko gaztetxoek joko dute. Junior's taldeak Ennio Morriconeren Chi Moi joko du; Senior's taldeak Metalicaren Nothing else maters; eta, Jurasikos taldeak Itoitzen Lau teilatu. Hiru taldeak Arantzazu Idigorasen zuzendaritzapean ibiliko dira.

Josep Porter i Rovira eskolakoen txanda izango da ondoren: The Ash Grove, Country Gardems, Take it from here, St. Martins, Black Jack eta Dance Celtics joko du orkestrak; kamara taldeko flautek El lago de los cisnes joko du eta hari hirukoteak Chaconne ou Passacaille.

Ondoren abesbatzen txanda izango da: Musicae abesbatzak Soon and very soon eta Orfeo Negro abestuko du eta Bartok abesbatzak Nkosi sikelel i' Afrika eta A white rainbow.

Esperientzia handiko Musika Eskola da Josep Porter i Rovira. 4 urteko umeak hartzen ditu musika munduan hezteko, eta instrumentuei dagokienez eskaintza zabala dauka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak