Irailean, denboraldia hasi aurretik egin genizun elkarrizketan ez zenuen halakorik aurreikusiko; entrenatzaile moduan debut ezin hobea izan da Euskadiko Txapelketa moduko kategoria batean.
Ez, ez nuen halakorik espero. Banekien denboraldi ona egingo genuela talde ona neukalako, baina ez horren ondo ibiliko ginenik.
Arrate taldea desagertu izana ez da albiste ona izan. Baina, Ford Mugarriri mesede egin dio.
Bai, Arrate desagertu izana ez da inondik inora albiste ona, Gipuzkoan eskubaloiko erreferenteetako bat zelako, baina egia da handik etorri diren jokalariek izugarri lagundu gaituztela. Eta ez horiek bakarrik, Aitor Txabarri etorri izana, eta Pelloren itzulera ere garrantzitsuak izan dira. Iazko taldea oso ona zen, baina jokalari gutxi zeuden; eta hori konpondu egin dugu aurten; gainera, taldeak gora egin du baita kalitatean ere. Iaz falta izan zena aurten eskura izan dut nik.
Aurten etorri diren jokalariek ze ekarpen egin diote taldeari?
Lehenengo nazional mailan jokatu duen jendea da, eta Txabarrik, esaterako, Asobal mailan ere jokatu du. Maila handiagoko kategoriak dira horiek, eta partidu zailetan izan beharreko esperientzian egin dute ekarpen handia. Joko aldetik ere igarri da euren presentzia, defentsan, jokalarien artean berba egiterako orduan... Kontuan hartuta lehengoek bazekitela eskubaloian jokatzen, hasieratik izan dugun ilusioa, jokalari berriak ze ondo moldatu diren taldera, eta hemengoek ze ondo hartu dituzten... bada, horren guztiaren baturak sortu du talde indartsu hau.
Oraindik lau partidu geratzen dira liga amaitzeko.
Hala da, eta nahiz eta gure helburua lortu dugun, liga irabazi dugun, partidu horiek intentsitatez jokatu behar ditugu. Izan ere, intentsitatez jokatzen ez denean, jokalaria despistatuta kantxaratzen denean, orduan etortzen dira lesioak. Eta pena hartuko nuke orain norbait lesionatuko balitz. Pena hartuko nuke nik, eta noski, jokalariak.
Iaz igoera fasea jokatzea saria izan zen denendako; esperientzia berri bat bizitzeko asmoz joan ziren Bartzelonara. Susmoa daukat aurten anbizio handiagoaz joango zaretela.
Oraindik ez dakit non jokatuko dugun igoera fase hori, eta asmoa iazko bera izango da, taldeak asteburu-pasa ederra egin eta fase ona jokatzea. Baina bai, badakigu aurten talde osoagoa dugula eta lehenengo mailara igotzeko ahalegina egin nahi dugu. Taldea aukera guztiak aprobetxatzera joango da.
Erreala da Lehen Nazional maila moduko kategoria batekin amestea?
Nik uste dut baietz, badugula igoera fasean lan ona egiteko moduko taldea, nahiz eta halakoetan zortea aldeko izateak ere garrantzia izaten duen, hiru egunetan hiru partidu jokatzen direlako. Bestalde, goiko kategoria garestiagoa da, bidaia luzeagoak dira eta babesle gehiago beharko genituzke; baina saiatu egingo gara.