LAB sindikatuak batzarra egin du gaur goizean Arrasateko Kulturaten eta bertan batu dira Debarroko delegatuak. Hainbat gai jorratu dituzte bertan, besteak beste: lan erreformak ekarriko dituen lege aldaketak aztertu dituzte eta langileentzako eta hitzarmen kolektiboarentzat erreformak suposatuko dituen atzera pausuak zeintzuk izango diren zehaztu.
Langileen eskubideen aurkako erreforma
Hala mintzatu da Jon Iparragirre LABeko kidea: "Guk uste dugu hau ez dela beste erreforma bat. Erreforma honek erabat zanpatzen eta urratzen ditu langileen eskubideak, hainbat urteetan borroka bidez lortutako eskubideak bertan behera uzten ditu". Gaineratu du, atzo Espainiako Kongresuan onartu zen lan erreformak, hitzarmen kolektiboko esparruak indargabe lagatzen dituela, estatu mailako hitzarmenei lehentasuna emanez eta probintzia mailakoak ezerezean utziz.
Horregatik guztiagatik, euskal gizarte osoari egiten dio deia LABek martxoaren 29an greba egiteko. Gaineratu dute grebak inflexio puntua izan behar duela eta ezinbestekoa dela martxoaren 29tik haratago lanean jarraitzea eta argi adieraztea badela alternatiba. "Erreforma honekin are ageriago gelditu da Euskal Herriak behar dituela instrumentu, tresna juridiko eta instituzio propioak euskal esparrua eraikitzeko. Hori da alternatiba eta eraikiko dugu. Horregatik ezin gara erantzuneko greba batekin geratu. Masiboki irten behar gara kalera martxoaren 29an eta hortzak erakutsi behar dizkiogu Gobernu espainiarrari, baina grebarekin ez da ezer amaitzen. Martxoaren 30ean borrokan jarraitu beharko dugu" adierazi du Iparragirrek.
Kulturaten egin duten batzarraren ostean, elkarretaratzea egin dute Seber Altuben.