Beraz, goiztiarrenak azokako saltzaileak izango dira. 54 guztira, Euskal Herri osotik etorriko direnak eta baita kanpotik ere; Errioxatik eta Zamoratik, besteak beste. Tartean, nola ez, Arrasateko ordezkaritza ere izango da: "Arrasateko baserritarrak, bitxigileak, orratz-lanak egiten dituztenak, egurrezko lepokoak... Eta Ekin Emakumeak elkartekoak ere izango dira, taloak egiten", adierazi du Maite Barreña Emakume Txokoko ordezkariak.
Takarraran: aldarrikapena sari
Bestalde, emakume kirolzaleek hitzordua dute Takarraran egiteko. 20 bat emakumek eman dute izena dagoeneko, baina bihar izena emango dutenak aintzat hartuta antolatzaileek espero dute iazko parte hartzera heltzea. Hau da, 70 lagun. Portaloitik abiatu, eta bertan bukatuko da, ia hiru kilometroko ibilbidea egin ostean: Portaloia-Maala-Garibai-Otalora-Olarte-Zurgin kantoi-Herriko plaza-Portaloia da ibilbidea.
Hiru itzuli egin beharko dituzte korrikalariek, 2.820 metro egin arte. 12 urtetik gorako edozein emakumek har dezake parte lasterketan. Maila bakarra izango du, eta ez dute kronometraje ofizialik egingo. Helmuga itxi, berriz, azkeneko korrikalaria iristean itxiko dute. Izan ere, korrikalarien arteko lehia lortu gura barik, "emakumeak kirola egitera animatu" eta oro har, berdintasunaren aldeko aldarrikapena ditu ardatz Takarraran-ek.
Partaidetza saritu egingo dute antolatzaileek, sariak emango dituzte-eta lasterketaren amaieran: besteak beste, lehenengo hirurei, azkenari, nagusienari, gazteenari eta nobedade moduan, Barreñaren arabera, "aldarrikapenaren saria" ere emango dute: "Feminista naiz eta harro nago leloa aintzat hartuta egiten diren pankarta, kamiseta edo bestelakoak kontuan hartuta originalena sarituko dugu".
Erdiguneko gaztegunean ere aldarrikapenarekin bat
Amaitzeko, Gaztegunean ere bat egingo dute aldarrikapenarekin. Gaur Ama!!! izeneko antzezlana egingo dute hezitzaileek (19:00), bihar mural erraldoia egingo dute (18:00) eta domekan, berriz, Dirty Brothers taldeak kontzertua eskainiko du (18:00).