Iñigo Arregiren lanak Alemanian jarri dituzte ikusgai

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko martxoaren 8a

Iñigo Arregi Arrasateko eskultore eta margolaria buru belarri dabil lanean egunotan. Joan zen astean Durangon zabaldu zuen erakusketa, hilaren 30era arte zabalik egongo dena eta gaur Alemanian jarriko dituzte ikusgai bere lanak. Orain, baina, esku artean, ekainean Parisen egingo duen erakusketa dauka. Material berriekin lanean dihardu.

Gaur hasi eta hilaren 11ra arte Alemaniako Karlsruhe azokan izango ditu ikusgai Iñigo Arregik bere lanak. Hiru eskultura eta 6 erliebe jarriko ditu ikusgai Victor Lope arte-merkatariaren erakusmahaian.

Ekainean, Parisen

Arrasatearra ez da Alemanian izango, izan ere ekainean Parisen egingo duen erakusketa batekin buru-belarri dabil lanean. Lubre (Louvre) ondoan dagoen Hip Galerie D'art galerian zabalduko du erakusketa Arregik maiatzaren 29an eta ekainaren 25era arte egongo dira lanak ikusgai.

Material berria prestatzen dabil: plastikoa eta metakrilatoa erabiliko ditu lanetan, eta kolorea ere sartuko du. Oraindik ez dago ziur nola geratuko diren lanak. Asmoa da pieza handiak eramatea. Artelan berriek orain arte egin duenarekin lotura dutela azaldu du.

Durangon du erakusketa orain

Arrasatearraren lana ezagutzeko, baina, ez dago zertan kanpora joan beharrik. Joan zen astean Durangoko museoan zabaldu zuen erakusketa Arregik. 10 eskultura eta 15 erliebe jarri ditu ikusgai. Hilaren 30era arte egongo da zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak