Arrasatetik Old Trafford-era

Xabier Urtzelai 2012ko martxoaren 8a

Manchester United eta Athletic taldeek gaur (21:00) jokatuko dute Europa League txapelketa barruan. Athleticek Europan jokatu duenean inoiz ez ditu gaur izango dituen besteko zale aldeko izan. Old Trafford futbol zelaiko harmailek zortzi mila Athletic-zale hartuko dituzte; eta tartean Debagoieneko hainbat. Gaur goizean Arrasateko Buenuena tabernan egin dugu zale horietako batzukin hitzordua. 12:00etan dute Loiun hegaldia.

Goizeko kafea hartu dugu Arrasateko Buenuena tabernan, ordu erdi barru Loiurako bidea hartu duten Joseba, Txisko eta Juanekin –argazkirako tabernako Agustintxo ere animatu da, nahiz eta ez den Manchesterrera joango. Ilusioz daude bidaia hasteko, 12:00etan hegazkina hartu eta 14:00etarako Manchesterren egon nahi dute. Hori bai, zalantza dute noiz itzuliko diren: "Ez dugu lo egiteko tokirik hartu. Hasiera batean 03:00etan hartu behar genuen itzulerako hegazkina, baina antza 08:00etan izango dugu hegazkin hori, atzerapenak egon direlako. Hori, baina, gutxienekoa da". Kafe askoko eguna izango da gaurkoa: "Beno, kafe askokoa baino garagardo askokoa... [Barre]".

Athleticek partidu garrantzitsua jokatuko du gaur, Old Trafford moduko zelai handi batean: "Emaitza on baten bila goaz hara, zergatik ez? Ligako talde handien kontra maila ona erakutsi du Athleticek, eta Europako talde handien kontra gauza bera egin dezakegula uste dugu".

"Kontrarioa zein zen jakin, eta berehala bidaia prestatu genuen"

Halaxe onartu digu Josebak, Athleticek Manchesterren jokatu behar zuela jakin zuten momentuan bertan hartu zutela hegaldia: "Halako momentuak gozatu egin behar dira, bizi egin behar dira. Manchesterren asmoa da Arrasateko beste zale batzuekin elkartzea, jende mordoa joan da-eta"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak