Gogora ekarri du Arrasateko Udalak, besteak beste, "enplegu orientazioaren sailetik ehunka" direla "langabeekin aurrez aurre" egiten dituen zerbitzuak "eta enpresekin zuzenean" dituzten harremanak.
"Arrasateko Bilduk lanean dihardu etenik gabe eta atsedenik gabe, arrasatear guztiekin batera, langabeziaren aurka borrokatzeko eta langabezia hori sortzen dituztenak paretik kentzeko", adierazi dute.
Laguntzak eta kontratazioak
Baieztapen hori babesteko adibideak ere eman dituzte: "Ibai Arte elkarteari laguntza ekonomikoa emateko akordioa; enpresa berriak sortzeko laguntzen urteko programa eta lanpostu berriak sortzeko laguntzak edo urte osoan izaten diren azoka bereziak".
Gogora ekarri dute, baita ere, aurtengo aurrekontuan "enplegua sustatzeko zuzeneko kontratazioak egiteko aurrekontua" dela "kontu-sail ekonomiko garrantzitsua". Horren harira, adierazi dute Arrasateko Udala izan zela iaz "enplegu programak murriztu ez zituzten udaletako bat".
Politika prentsa bidez elikatu
Sozialisten salaketei dagokienez, berriz, Arrasateko Udalak uste du Arrietarendako "errentagarriak" direla "bere alderdiaren kalkuluetan, hedabideak erabiltzea Arrasateko errealitatea faltsutzeko eta, bide batez, denen ahotan egoteko, prentsatik bere politika elikatzeko, adierazpen sentsazionalista eta manipulatzaileak eginez".
Kanpoko aginduak
Bestalde, gogora ekarri dute Arrasateko Udalak kanpotik datozen legeak betetzeko derrigortasuna duela, Lan Erreforma kasu. Eta salatu dute PSOE-PP "tandema" dela "67 urte arteko erretiroa", "lan sariak izoztu eta jaitsi", "kontratazioak debekatu administrazioan" eta halakoak erabaki dituena.