"Rapero gutxi egon arren rapa entzuten duen jendea badago Arrasaten"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko martxoaren 7a

Hip hopak hartuko du gaztetxea asteburuan. Ez da lehen jaialdia –2003, 2004 eta 2005ean egin ziren–, baina aurtengoaren egitarauak Euskal Herriko hip hoparen izenik entzutetsuenak jasotzen ditu. Halaxe azaldu digute Iago Cascon (Arrasate, 1982) eta Gorka Morras (Arrasate, 1983) festaren antolakuntzako kideak. 

Ez da lehen aldia hip hop doinuek Arrasate hartuko dutena. Zer du berezia aurtengo jaialdiak?
Aurtengoa laugarren edizioa da, baina aurrekoak egin zirenean Euskal Herrian ez zeuden euskaraz abesten zuten rap talde larregi. Azken urteetan hip hoparen kulturak loraldia izan duela uste dugu. Horrez gain, hip hopari bultzada bat eman gura diogu. Horregatik eta hip hopa gustatzen zaigulako antolatu dugu festa.

Bi eguneko egitaraua zabala prestatu duzue.
Hala da. Egubakoitzean, irekiera kontzertu moduan, Goienetxe Anaiak talde nafarraren eta Barakaldoko Norte Apache taldearen kontzertuak izango ditugu. Biek euskaraz abesten dute.

Zapatuan, bestalde, 16:30etik hasita Arrasate eta inguruko DJ-en emanaldia egongo da arratsalde osoan zehar. Saio horiekin batera graffitiak, breakdance emanaldiak eta skate erakustaldiak egongo dira herriko sortzaileen eskutik. Gauean, festa borobiltzeko, hiru talde: Revolta Permanent, 121 Sound system eta Trifulca posse. Lehenak Barakaldoko 16 urteko gazte batzuk dira; oso indartsu datoz eta euskaraz abesten dute.

Bigarrenak, berriz, 121 Crew taldeko kideak dira baina guztiek etortzerik ez dutenez sound system formatuan datoz. Hau da, ez da euren ohiko kontzertu bat izango. Hirugarren taldeak itxiko du gaua: Donostialdeako hiru DJ dira, tartean Selektah Kolektiboa, Fermin Muguruza eta Esne Beltza taldeekin aritu den DZ izeneko DJa.

Euskal Herriko hip hoparen izen handiak dira, beraz.
Artista esanguratsuak direnik ezin ukatu. Gainera, ia guztiak burubelarri dabiltza sorkuntza lanetan eta euskaraz abesten dute. Izan ere, euskarazko taldeak ekartzea zen helburua eta uste dugu lortu dugula.

Nolako harrera espero duzue?
Espero dugu jendeak erantzutea. Egia da Arrasaten rapero gutxi dagoela baina rapa entzuten duen jendea badago. Azkenaldian RRV –Rap Radical Vasco– mugimenduaren gainean entzun dugu berbetan; ikusi beharko da noraino heltzen den. Gaztetxera etortzera animatzen zaituztegu, giro ederra egongo da-eta.

Bi eguneko jaialdia, kamiseta eta guzti

Egubakoitzean irekiera kontzertuak eta zapatuan hip hoparen inguruko hainbat emanaldi arratsaldetik hasita: bertako DJak, graffitilariak, breakdance eta skate erakustaldiak... Gaztetxea, hip hoparen topaleku. Eta jaialdi berezia dela iragartzeko, dagoeneko kamisetak salgai daude hamar eurotan jaialdiaren babesle lanak egin dituzten Iluntz tabernan eta Nothing Without arropa dendan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak