Eguraldi ona lagun ("begira eta begira gabiltza eta hala iragarri dute", dio Maite Barreñak, Emakume Txokoko teknikari-buruak) izango dute emakume artisau eta kirolariek zapatuko hitzorduetan.
Goiztiarrenak azokako saltzaileak izango dira. 54 guztira, Euskal Herri osotik etorriko direnak eta baita kanpotik ere, "Errioxatik, Zamoratik…". Tartean, zela ez, Arrasateko ordezkaritza ere izango da, "Arrasateko baserritarrak, bitxigileak, orratz-lanak egiten dituztenak, egurrezko lepokoak, Eta Ekin Emakumeak elkartekoak ere izango dira, taloak egiten…" adierazi du Maite Barreñak Emakume Txokoko ordezkariak.
Bada horiek guztiek 10:00etarako gertu izango dituzte produktuak Seber Altube plazako saltokietan, 14:00ak arte.
Takarraran
Eta eguerdi partean, berriz, emakume korrikalariei egingo diete lekua, 12:30ean abiatuko da-eta, Takarraran lasterketa. Portaloitik abiatu, eta bertan bukatuko da, ia hiru kilometroko ibilbidea egin ostean: Portaloia-Maala-Garibai-Otalora-Olarte-Zurgin kantoi-Herriko plaza-Portaloia da ibilbidea. Hiru itzuli egin beharko dituzte korrikalariek, 2.820 metro egin arte.
Ekimen erreibindikatiboa
12 urtetik gorako edozein emakumek parte har dezake Takarraran lasterketan. Maila bakarra izango du, eta ez dute kronometraje ofizialik egingo. Helmuga itxi, berriz, azkeneko korrikalaria iristean itxiko dute. Izan ere, korrikalarien arteko lehia lortu gura barik, "emakumeak kirola egitera animatu" eta oro har, erreibindikazioa ditu ardatza Takarraran lasterketak.
Aldarrikapenaren saria
Hori bai, partaidetza saritu egingo dute antolatzaileek, sariak emango dituzte-eta lasterketaren amaieran: besteak beste, lehenengo hirurei, azkenari, nagusienari, gazteenari eta berritasun moduan, "aldarrikapenaren saria" ere emango dute. "Feminista naiz eta harro nago leloa aintzat hartuta egiten diren pankarta, kamiseta edo bestelakoak kontuan hartuta onena edo originalena sarituko dugu".