Politika feminista bultzatuko du Udalak

Ubane Madera 2012ko martxoaren 6a

"Arrasateko Udalak gizon eta emakumeen arteko benetako aukera-berdintasuna lortzeko lanean aritzeko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu", hala dio Martxoaren 8aren bueltan Arrasateko Udalak kalerastu duen adierazpen instituzionalak.

Hona hemen Arrsateko Udalak plazaratutako adierazpen instituzionala:

"Martxoak 8, Emakumeen nazioarteko Eguna hurbil daukagun honetan, Arrasateko Udalak gizon eta emakumeen arteko benetako aukera-berdintasuna lortzeko lanean aritzeko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu.

Aldaketa garaia bizi dugu Euskal Herrian. Aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko garaia. Emakumeak aldaketa horren subjektuak izan daitezen politika feminista garatzea ezinbesteko konpromisoa da.

ARRASATEKO UDALAK BULTZATUKO DUEN POLITIKA FEMINISTAK HONAKO HAUEK KONTUAN IZANGO DITU: Emakumeok jasaten dugun zapalkuntza egiturazkoa da. Hau da, jendartearen egituraren emaitza da eta antolaketa ekonomikoan, politikoan eta ideologikoan uztartuta dago. Egiturazkoa da patriarkatua erabat errotuta dagoelako gure jendartean eta antolaketa eredu hori sistema kapitalistaren ezinbesteko zutabea delako.

Udaletan garatu nahi dugun Politika Feministak estrukturala den arazo bati erantzun nahi dionez, ezinbestean politika integrala izan behar du emakumeen bizitzaren arlo guztietan eragin behar duelako.

Politika feminista emakumeon eskubideetan oinarrituko da. Beste herri eredu baten eraikuntza dugu helburu. Hau da, gizon eta emakumeen arteko harreman eredu berri bat eraiki nahi dugu.

Politika feministak emakumeen gidaritza eta parte hartzea bilatuko du. Politika honen definizioa mugimendu feminista eta emakume taldeekin egin behar da. Hauen parte hartzeak politika feminista erreala definitzea ahalbideratuko du.

Espezifikoki landuz baina zeharkakotasuna ahaztu gabe martxan jartzen ari garen proiektua oinarri feministetan egituratuko dugu eta gure herrian sortzen ditugun politika guztietan ikuspegi feminista kontuan izango dugu.

Bukatzeko, Arrasateko Udalak mugimendu feministak antolatuko dituen ekimen guztietara joateko deia luzatu nahi die herritar guztiei. Asko dugu egiteko eta asko dugu ikasteko. Politika feminista gure herrian marrazten ari garen aldaketa politiko eta sozialaren izarra bihurtu behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak