Manu Gallardo: "Ahal bada, urtean bi opera egingo ditugu, eta 'Carmen' egitea aztertzen gabiltza"

Leire Kortabarria 2012ko mar. 7a, 01:00

Ozenki elkarte lirikoko presidentea, Manu Gallardo, oso pozik dago La Bohème operak Arrasaten izan zuen harrerarekin: "Eskerrak ematen dizkiet lagundu diguten guztioi, eta ikusleoi".

Amaia antzokia bete egin zen La Bohème ikusteko. Pozik, ezta?
Bai, Ozenki elkartekook oso-oso pozik gaude. Jendeak zoragarri erantzun du: egunean bertan eta gero, zorion deiak, mezu elektronikoren bat… jaso ditugu. Opera eta gero, txalo eta guzti egin ziguten. Are gehiago: emanaldia eta gero, emakume batzuk etorri zitzaizkigun, Carmen operarako 50 sarrera erosi guran. Esan genien urrian egin behar zela, bai, baina horrek ez zuela esan gura Arrasatera ekarriko genuenik.

Nondik etorri zen gaizki-ulertua, bada?
La Bohème egin duen Opera 2001 produktorearen hurrengo proiektua delako Carmen, eta esku-orrietan eta operako azpitituluetan urri-azaro bueltarako iragartzen zelako. Orain, jende asko dabil ea Arrasatera ekarri behar dugun galdetzen, eta aztertzen gabiltza; diru aldetik bere ondorioak ditu, baina gogoa baldin badago…

Urtean opera emanaldi bat antolatu gura duzue, ezta?
Bai; eta, ahal bada, urtean bi, udaberrian eta neguan. Carmen egitea baloratzen gabiltza. Dena dela, gure hurrengo helburua Arrasateko eta inguruko jendearekin proiekturen bat egitea da, Arrasate Musikaleko jendearekin, kantu taldeekin…

Laguntzaileak eskertu zenituen bereziki.
Bai. Arrasateko Udaleko Kultura zinegotzi Kepa Ugarteri eta teknikari Jon Garairi, eskerrik asko, proiektuan sinistu zutelako; Kutxari ere eskerrak eman gura dizkiot, batez ere Maite Irizarri eta Susaneri; Euskadiko Kutxari eta Larraitz Arabaolatzari; eta, bihotz-bihotzez, eskerrik asko Arrasate Musikali eta Maite Izagirreri, Arantzazuri eta Tere Gonzalezi. Eskerrak eman gura dizkiet ere etorri ziren guztioi, eta esan gura diet lanean jarraituko dugula urtean opera bat edo, ahal bada, bi ekartzeko Arrasatera.
Horrez gain, amari eskaini nion emanaldia. 84 urte ditu eta zertxobait makal dago, adin horrekin, baina autobusa hartu eta Eibartik etorri zen, oso animatuta.

Arrasaten eta inguruan musikazaletasuna badago, ezta?
Bai, izugarrizko zaletasuna; kulturaz eta, batez ere, kantuaz asko dakien zonaldea da. Opera ikusteko, Bilbora edo Donostiara joan beharra daukagu; baina oso herri gutxik duten benetako luxua dugu guk, zarzuela konpainia egonkorra dugulako, Izaskun Murgia Elkarte Lirikoa. Hori da herriko izarra eta beraz harro egon behar dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak