Liher Urrutia arrasatearra xakean trebeena

Xabier Urtzelai 2012ko martxoaren 6a

Asteburuan jokatu dute, Arrasateko Etxaluze eraikinean, eskolarteko xake torneoa. 48 jokalarik parte hartu zuten, hiru kategoria ezberdinetan: infantilak, alebinak eta benjaminak. Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Aramaio, Bergara eta Azkoitiako gaztetxoek parte hartu zuten Gipuzkoako txapelketako finalerako sailkatzeko asmoz. Bost txandetara jokatu zuten torneoan Liher Urrutia arrasatearra izan zen trebeena. Liherrek torneo perfektoa egin zuen, jokatu zituen 5 partidak irabazi zituen-eta.

Bigarren sailkatua Eneko Carrascal arrasatearra izan zen. Carrascalek ere lehen 4 partidak irabazi zituen eta soilik azkena, Liherren Urrutiaren kontrakoa, galdu zuen. Bi gazteak promesa lokalak dira eta dagoeneko Arrasate-Arlutz D taldearekin parte hartzen dabiltza Gipuzkoako Ligako 2. kategorian. Torneoko 3. sailkatua Judith Goenaga azkoitiarra izan zen. Goenaga zen torneoko faborito nagusia eta euskal eloa zeukan jokalari bakarra. Hala ere,  laugarren txandan Eneko Carrascalen kontra galdu egin zuen eta horrekin nagusitzeko aukera guztiak galdu zituen. Hala eta guztiz ere, torneoko ezusteko handia 4. sailkatua izan zen. Galder Bengoa atxabaltarrak 4 puntu lortu zituen nahiz eta torneoko jokalaririk gazteena izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak