Javier Zubizarreta: "Lanez gainezka egon arren, erantzun profesional bikaina eman dugu"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko mar. 5a, 16:03

Aurten gripea ohi baino beranduago etorri da. Otsailaren amaiera aldean nahiko gogor jo du gripeak gurean. Debagoieneko ospitalean momentu batzuetan gaixoendako ohe barik geratu dira eta gaixo batzuk etxean artatu behar izan dituzte. Javier Zubizarreta barne medikuntzako zerbitzuburuak azaldu digu egoera.

Ospitalean lanez lepo zabiltzate egunotan. Zein da horrela ibiltzearen arrazoia?
Esan behar da ez dagoela arrazoi bakarra. Negu partean izaten dugun ohiko lanari gripearen ondorioak gehitu behar dizkiogu. Aurten gripea ohi baino aste batzuk beranduago iritsi da; orain arteko eragin handiena otsailean nabaritu dugu. Ikusiko dugu martxoan zehar nola jarraitzen duen.

Gripea, pneumonia, bronkitisa… zeintzuk dira gaixotasun ohikoak eta ze adinetan eragiten du?
Gaixotasun ohikoenak arnasketa infekzioak izaten dira, baita bakteria infekzioak ere; hau da, gripe eta pneumonia kasuak. Horiek edozein adinetan izan daitezke. Bronkitisa, ostera, pediatria adinetan izaten da gehiago.

Zuengana doazenek nolako sintomak izaten dituzte?
Ohikoak izaten diren pazienteen sintomak izaten dira: sukarra, ondoeza, faringeko mina, eztula  eta muskuluetako eta artikuluetako mina. Horiek izaten dira ohikoenak gripe kasuetan. Horiez gain, pneumonia kasuetan, adibidez, saihets inguruko mina eta arnasa hartzeko zailtasunak ere izaten dituzte gurengana datozen pazienteek. 

Ohikoa da garai honetan horrelako gorakada izatea?
Bai, neguan ohikoa da. Eragin handiena duten egunak aldakorrak izan daitezke, astebete gora edo behera. Baina ohikoa izaten da gorakada handienak urte amaieran eta urte hasierako asteetan izatea.

Datuei begira jarrita, beste urte batzuetan baino gaixo kopuru handiagoa edo txikiagoa dago aurten?
Gaixo kopurua aldatu egin daiteke urte batetik bestera, baina hori ez da garrantzitsuena. Garrantzitsuena gripearen birusak izan dezakeen gogortasuna da, arnas infekzioen larritasuna eta baita nori eragiten dion gripeak ere. Hau da, pertsona ahulei eragiten dien edo ez. Batez ere, pertsona ahulak izango lirateke nagusiak eta desoreka daitezkeen gaixotasun kronikoak dituztenak.

Lanez gainezka zaudete. Ospitaleratuta egon beharko luketeen gaixoendako ohe faltan ere egon zarete.
Bai, lanez gainezka gaude, baina erantzun profesionala bikaina izan da, eta, ondorioz, oheak ez izatearen zailtasunak arindu egin dira eta arazoa egunetik egunera konpondu dugu. Horren harira, esan behar da ohe gabezia eta ospitaleratzeko atzerapenak dituztenak ospitale handiak direla.

Horrelako egoerarik bizi izan duzue aurretik?
Unean-unean izaten ditugu horrelako egoerak, batez ere gripearen eragina gorenean dagoenean; denondako eragozpenak sortzen dira, baina, azkenean, beti topatzen ditugu irtenbideak eta aurrera egiten dugu.

Horrelako kasuetan, nola artatzen dituzue etxean geratzen diren gaixoak?
Guk ez ditugu paziente horiek etxean artatzen. Zerbitzu hori lehenengo mailako arreta zerbitzuak ematen du, eta ospitalearen kasuan Etxeko Ospitalizazio Zerbitzuak egiten du gaixo horiekin lan. Horren harira, data hauetan indartu egin dute zerbitzu hori.

Zer gomendatuko zenieke herritarrei?
Beti egin izan ditugun gomendioak esango nituzke orain ere. Gripea duten gaixoek atseden hartu behar dute, ondo hidratatu behar dute, likido asko hartuta, eta sukarraren eta min muskularraren aurkako antitermikoak hartu behar dituzte. Gaixotasun kronikak dituzten pazienteek, bestalde, lehenengo mailako arreta zerbitzuan lan egiten duten profesionalei horren berri eman behar diete. Bestalde, sintoma larriak dituztenei gomendatuko nieke, adibidez, arnasa hartzeko zailtasunak dituztenei, larrialdietara joan daitezela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak