Koldo Carrillo: "Kolorea begietarako distrakzioa da, formak eta estrukturak modu basikoan ikusten dira zuri-beltzean"

Ander Monedero 2012ko martxoaren 5a

Edozein lekutara doala ere, argazki-kamera eramaten duen horietakoa da Koldo Carrillo (Arrasate, 1985). Kazetaritza ikasketak egin eta gero, Florentziara (Italia) joan zen argazkilaritza ikastera, eta azken urteetan Mondraberri-n lanean aritu da.

Nola sartu zinen argazkilaritzan?
Amaren argazki-kamera zaharra hartu eta Arrasateko toki, grafiti eta gustuko nituen gauzei argazkiak egiten hasi nintzen. Analogikoan egiten nituen argazkiak, eta hasi eta bi urtera digitalera salto egin nuen.

Zer moduzkoa izan zen analogikotik digitalerako saltoa?
Argazkilaritza analogikoak xarma handia du, eta, hasiera batean, ezkorra nintzen, teknologia berriekin ez naiz ondo moldatzen...Baina, eskua hartu ostean, oso gustura nabil; orain, argazkiak eraldatzeko programak erabiltzen ikasten ari naiz. Teknologia oso azkar doa, egunero teknika berriak asmatzen dituzte!

Kazetaritza ikasi eta gero argazkilaritza ikastaro bat egin zenuen.
Kazetaritza egiten hasi nintzenean ez nuen argazkilaritza alde batera utzi. Idaztea asko gustatzen zait, eta biak uztartzeko aukera ematen du kazetaritzak.

Kazetaritza bukatu ostean Florentziaren joan zinen.
Beste esperientzia bat bizi izateko beharra sentitzen nuen, eta, ikasten nengoela, Italiara egindako bidaia batean erabaki nuen Florentziara joatea. Eta gero, argazkilaritza ikastaro bat egin nuen.

Zer-nolako esperientzia izan zen?
Oso ona. Lagunak egin nituen eta bizi esperientzia polita izan zen. Argazkilaritzaz aparte, poesia, musika, museoak... Nire barneko egonezinari erantzuteko bidaia izan zen Italian bizi izandako urtea.

Horren ondorioa da Sentsaziozko paisaiak erakusketa.
Toscanan ateratako argazkiak dira, baina, nire ustez, argazkien kokapena anekdota hutsa da. Nire barnean dagoenaren isla batzuk erakutsi nahi izan ditut, nork bere barruan dituen pentsamenduekin; historia handiko paisaiak dira, denboraren iragana barnean duten argazkiak dira.

Argazki gehienak zuri-beltzean dira. Zergatik?
Azken urteetan zuri-beltzarekiko apustua egin dut. Askotan, kolorea begietarako distrakzioa da, formak eta estrukturak modu basikoan ikusten dira zuri-beltzean. Formen izaera nabarmentzeko balio du, gauza sinpleek asko esan nahi dute.

15 argazkik osatzen dute erakusketa.
Hasiera batean, bai, Arrasaten erakutsi nituenean 15 argazki ziren, baina Oñatiko Luis tabernan tokirik ez zegoenez, hiru kentzeko erabakia hartu dut. Orain, nire ustez, hobeto dago; agian, lehenengo bi erakustaldietan, Arrasaten eta Eskoriatzan, tokia betetzearren sartutako argazkiak dira.

Oraingoan, gainera, argazki bakoitzak testu bat du.
Argazki bakoitzaren ildoa adierazten duten testuak garatu ditut, ikusterakoan sentitzen dudana ikusleek ulertzeko.

Beraz, ez da erakusketa itxia.
Ez; denborarekin, erakusketa janzten joan naiz. Jendeak argazki bat azaltzeko eskatzen didanean, ez dakit zer esan, aldi bakoitzean sentimendu desberdin bat azaltzen dut. Testuekin hori azaltzen dut, baina horretarako asko hausnartu behar dut, argazkiak duen guztia testu edo poema batean sartzeko.

Argazkien tamainak ere aldatzen joan zara.
Erakusketa bakoitzean zerbait ikasten da eta Iñigo Arregiren arte eta markoztatze dendan argazkiak jarri nituenean konturatu nintzen argazki batzuek tamaina handiagoa eskatzen zutela. Tamaina handiko argazkietan matiz gehiago ikusten dira.

Erakusketa beste leku batera eramateko asmorik baduzu?
Bai, maiatzean Bergarako Nahikari tabernan izango da eta urrian Eibarko Kultur elkartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak