Malen Ruiz de Azua bigarren Espainiako Txapelketan

Xabier Urtzelai 2012ko martxoaren 5a

Valentzian egin dituzte asteburuan Espainiako gazte mailako atletismo txapelketak, eta Malen Ruiz de Azua zilarrezko dominarekin itzuli da, pertika saltoaz marka pertsonala onduta (3,71 metro). Irabazleak, Castelloko Paula Linaresek bost zentimetro gehiagoko saltoa egin zuen (3,76) eta hirugarren Manresako Monika Clemente sailkatu zen. Gizonezkoen kategorian Istar Dapena zortzigarren izan zen, 4,01 metroko jauzia eginda. Aipatzekoa, baita ere, Arrasateko atleta beterano Maria Jose Gilek Gijonen lortutako urrezko domina. Gil-ek 6.000 metroko lasterketan hartu zuen parte, eta 70 urtetik gorakoen mailan azkarrena izan zen.

Malen Ruiz de Azuak asteburu borobila izan du, podiumera igotzearekin batera marka pertsonala ondu duelako, eta Euskadiko errekor berria ezarri du bere kategorian –Maialen Axpe herrikideak zuen aurreko errekorra. Izan ere, pista estalian egiten diren markak aire librean ere kontutan hartzen dira.

Gizonezkoetan Istar Dapenak zortzigarren postuan amaitu zuen, 4,01 metroko saltoa eginda. "Gazte mailako lehenengo urtea izateko ez dago batere txarto, datorren urtean ere maila horretan egingo duelako salto. Gainera, Eibarko pista motza da, eta negu osoan han entrenatu ostean igarri egiten da. Seguru aire librean balio duena erakutsiko duela", adierazi du haren entrenatzaile Jonathan Perezek.

Maria Jose Gil, nekaezin

Gazte mailako atleta horiek Espainia mailako txapelketetan aurre-aurrean badabiltza, zer esan Arrasateko atleta beteranoenaren gainean. Maria Jose Gilek urrezko beste domina bat gehituko dio bilduma propioari asteburuan, Gijonen 6.000 metroko lasterketan azkarrena izan zelako 70 urtetik gorakoen mailan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak