Espazio handiagoa, hobea eta atseginagoa eman gura diogu, bista hobeagoekin (kanpoko igerilekuetara) eta makina gehiagorekin". Hori da Musakolako gimnasioarekin AUKEAk duen helburua eta asmoa. "Dena den, gero obrak hastean ikusi egin behar zela gauza daitekeen, askotan paretak botatzen hastean ezustekoak ateratzen dira-eta", gaineratu gura izan dute AUKEAko ordezkariek.
Uda ostean
Edozelan ere, data badute buruan: uda ostean zabaldu gura dute gimnasio berritua, hilabete inguruan obrak egiten ibili ostean. "Aurreikuspena da obrek ez eragitea eragozpenik gimnasio zerbitzuan, akaso pare bate egunean-edo itxi egin beharko genuke makinen lekualdaketa egiteko, baina ez dugu uste gehiago eragingo duenik", kontatu dute.
Zerbitzu hobea
Gimnasioa berritu egin gura du AUKEAk, orokorrean kiroldegiko alde lehorra indartu egin gura dutelako: "Kiroldegirako bono lehorra aukeratzen duten erabiltzaile arruntek gimnasio on bat gura dute, orain dagoena baino askoz hobea; izan ere, oraingoa, besteak beste, oso txikia da Arrasaterako".
Uarkapeko taberna, behera
Bestalde, AUKEAk ezarritako lehentasunen artean, "Uarkape frontoiak duen balorea" indartu egin gura du: "Arratsalde guztietan okupatuta dago, gimnasia erritmiko eta pilota taldekoen eskutik. Asteburuan ere sarri egoten da okupatuta, herri ekimen asko egiten da-eta bertan, (Aratusteetako herri bazkaria…); baina badago koska txiki bat jatetxe-tabernarekin… Eskuartean badugu ideia oso indartsua: taberna-jatetxea beheko solairura pasatzea. Baina egokitzeko obrak handiak egin behar dira, eta zaila izango da. Asmo hori ez da aurten gauzatuko. Baina aurten erabakiko dugu zer egin", adierazi du Arrasate Irratian Joserra Askasibarrek, AUKEAko zinegotzi arduradunak. Hark gaineratutakoaren arabera "kirol aldetik ere beste bultzada bat" eman gura diote Uarkaperi, esaterako, "goizean erabilera txikia" duen frontoia da.