ETAk hil zuenetik, urtero elkartu dira Isaias Carrascori omenaldia egiteko hil zuten toki berean. Haren argazkipean lore eskaintza egin dute. Besteak beste, Navas de Tolosa kalean izan dira Barne Sailburu Rodolfo Ares, Garraio eta Azpiegituretako sailburu Iñaki Arriola, Jose Antonio Pastor eta Paco Gartzia legebiltzarkideak, PSE-EEko Gipuzkoako Exekutibako presidente Manuel Huertas, Espainiako kongresuko diputatu Odon Elorza eta ibarreko eta Arrasateko PSE-EEko zinegotziak.
Lore eskaintzaren ostean, Iñaki Arriolak hartu du hitza. Lehenik gogora ekarri du Isaias Carrascoren irudia eta Arrasaten zinegotzi moduan egindako lana goraipatu du, esanaz mehatxupean ere tinko lan egin zuela beste askok eta askok bezala bere herriaren alde.
Ezker Abertzaleari zuzendu zaio ondoren: "ETAren ekintza armatuez atsekabetu eta hilketen aurrean izan duten jarrerak biktimen umilazioa suposatu izanaz damu dira orain; gaur hori diotenek duela lau urte ez zuten Isaias Carrascoren hilketa kondenatu". Gaineratu du, Ezker Abertzalearen adierazpenak sinisten hasiko badira, gauza bakoitzari bere izenez deitzen hasi beharko dutela eta hilketa bati hilketa deitu, ez ETAren ekintzaren ondorio mingarri.
Isaias Carrascoren alaba Sandra Carrascok hartu du ondoren hitza. Urte hauetan bere familiak eta ETAk hildako beste pertsonen familien "mina" ekarri du gogora eta gaineratu, Isaias Carrascok berak ematen diela indarra egunero egunero aurrera egiteko. ETAk ekintza armatua behin betiko utzi izanaz esan du, kontrako sentimenduak dituela eta bizitzea tokatu izan zaionagatik, amorruz, inpotentziaz eta jasandako sufrimendu guztiagatik tristura handia sentitu zuela.
Arrasateko zinegotzi Aritz Arrietak gogoratu du horrelako omenaldiak "beharrezkoak" direla Isaias Carrascoren eta beste biktima guztien memoria presente izatea beharrezkoa delako. Gaineratu du, aurrez egin bezala, Arrasaten Isaias Carrascoren izena eramango duen plaka bat ipintzeko eskaera egingo dutela udalean.
Aipatutakoez gain eta Pello Urizarrek aurreratu bezala, Bilduko zinegotzi Jose Antonio Barriocanal (EA) ere izan da omenaldian.